16 ENE. 2024 «Udalatx, ura eta atxa», Udalatx mendia balioan jarri nahi duen filma Udalatx mendiak Arrasate eta inguruko herrientzat historikoki izan duen garrantzia nabarmendu eta gaur egun behar duen babesa aldarrikatzeko abiatu zuen Besaide Mendizale Elkarteak dokumental hau grabatzeko proiektua. Larunbatean emango dugu luze eta zabal filmaren berri. Este navegador no soporta el elemento video. Asier Aiestaran Abenduaren 16an estreinatu zuten "Udalatx, ura eta atxa", Besaide Mendizale Elkartearen bultzadaz Udalatx mendia balioan jartzeko sortutako dokumentala. Lehen aurkezpena MendiFilm jaialdian egin zen, Bilbon, baina egun berean mendi horrekin oso lotura estua izan duen Arrasaten erakutsi zuten. Proiektua pertsona askoren arteko elkarlanari esker atera da aurrera, baina Eñaut Iturbe izan da bultzatzaile nagusienetako bat, ekoizlea eta bi zuzendarietako bat izateaz gain, Iban Ayesarekin batera. Arrasaten elkartu gara Iturberekin dokumentalaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko. «Ni Besaide Mendizale Elkarteko lehendakari moduan nengoenean sortu zen proiektua», ekin dio azalpenari Eñautek. «Kargua hartu baina apur bat lehenago, urte bat lehenago oker ez banago, "Aralar, mundua leku den lurra" filma eskaini genuen hemen, Amaia antzokian, Aralar balioan jartzeko helburuarekin egindako filma. Eta film hori ikusten ari ginela pentsatu genuen guk ere egin genezakeela antzeko zerbait Udalatx balioan jartzeko». Larunbatean argitaratuko den erreportajean luze eta zabal azalduko dizkigu Iturbek filmaren xehetasunak: proiektua gauzatu duen lan taldea nola joan zen handitzen, Udalatxek historian zehar eskualdearentzako izan duen garrantzia, mendiaren gaur egungo egoera ikuspegi desberdinetatik begiratuta eta, batez ere, ingurua behar bezala babesteko garaia heldu dela aldarrikatzea.