18 ENE. 2024 Gaur X urte Duela 120 urte jaio zen Cary Grant aktore ikonikoa Gaurko egunez jaio zen Cary Grant aktorea, duela 120 urte. Ezagun egin zen antzezteko zuen estilo propioagatik eta Alfred Hitchcockekin batera egin zituen filmengatik. Erresuma Batuan sortu zen, Bristol hirian. Cary Grant. (Wikimedia Commons) GAUR8 Cary Grant aktorea gaurko egunez jaio zen duela 120 urte, hots, 1904ko urtarrilaren 18an. Erresuma Batuko Bristol hirian sortu zen, eta bertan hazi. Ingelesa bazen ere, Estatu Batuetan garatu zuen aktore ibilbidea. Hasieran, Grant ‘Venus Blonde’ (1932) eta ‘She Done Him Wrong’ (1933) bezalako krimen eta drama pelikuletan agertu zen, baina geroago ospe handia lortu zuen ‘The Awful Truth’ (1937), ‘Bringing Up Baby’ (1938), ‘His Girl Friday’ (1940) eta ‘The Philadelphia Story’ (1940) bezalako komedia erromantikoetan egindako antzezpenengatik. Film hauek garai guztietako komedia film handienen artean kokatzen dituzte gaur egun. ‘Gunga Din’ (1939) abentura, ‘Arsenic and Old Lace’ (1944) komedia iluna eta ‘Only Angels Have Wings’ (1939), ‘Penny Serenade’ (1941) eta ‘None but the Lonely Heart’ (1944) dramak ere egin zituen. 40ko eta 50eko hamarkadetan, Grantek lan-harreman estua izan zuen Alfred Hitchcock zuzendariarekin, eta haren lau filmetan parte hartu zuen: ‘Suspicion’ (1941), ‘Notorious’ (1946), ‘To Catch a Thief’ (1955) eta ‘North by Northwest’ (1959). Bere aktore ibilbidearen bukaera aldean ‘Indiscreet’ (1958), ‘Operation Petticoat’ (1959), ‘That Touch of Bisk’ (1962) eta ‘Charade’ (1963) film erromantikoetako protagonista izan zen. Kritikariek gogoan dute bere burua serioegi hartzen ez zuen aktorea zelako, komedietan duintasuna mantentzeko gai zena. Grant bost aldiz ezkondu zen eta Jennifer Grant alaba izan zuen emazteetako batekin, Dyan Cannonekin. Estatu Batuetan zendu zen 82 urte zituela, Iowako Davenport hirian, 1986ko azaroaren 29an.