GAUR8 - mila leiho zabalik

’Osopelotari’, euskal pilotaren tradizioari aurpegi berritzailea eman dion egutegia Sopelan

Estereotipoak hautsi eta pilotaren tradizioari irudi berritzailea eman nahi dion egutegia plazaratu du Sopelako Kurene Pilota Elkarteak. Ekimenarekin, kirola etorkizunera begira proiektatzeaz gain, heterogeneotasuna islatu nahi da.

Dopelako Kurene Pilota Elkarteak sortutako ‘Osopelotari’ egutegiko irudietako bat. (Sopelako Udala)

Sopelako Kurene Pilota Elkarteak ‘Osopelotari’ egutegia aurkeztu du, euskal pilotaren tradizioari irudi berritzailea ematen dion proposamena.

Udalak nabarmendu du ekimenak euskal kulturan errotutako kirolaren esentzia historikoa ospatu nahi duela, «testuinguru garaikide eta moderno batean» aurkeztuz.

«Ikuspegi fresko eta dinamikoarekin, egutegiak bi sexuetako pilotarien irudiak aurkezten ditu, eta hilero begirada paregabe eta artistikoa eskaintzen dio kirol tradizional honi, inguratzen duen emozioa, trebetasuna eta grina bereganatuz», azaldu dute udal iturriek.

Pilotan dagoen heterogeneotasuna islatu nahi duen egutegiko beste irudietako bat. (Sopelako Udala)

Juan Gorostiaga Kureneko kidea eta proiektuaren bultzatzaile nagusiaren esanetan, «‘Osopelotari’ gure kirol tradizio aberatsari egindako omenaldia da eta, aldi berean, euskal pilota etorkizunera begira proiektatzeko modu bat, bere erakargarritasuna formatu moderno eta eskuragarrian erakutsiz».

Erreferente berriak

Gorostiagak sormen-lanaren atzean dagoen hausnarketa planteatu du. Pilotaren irudi kolektiboa ez da asko aldatu azken hamarkadetan, baina «eta euskal pilota erreferente berrietara hedatuko balitz? Eta pilota modaren mundura hurbilduko bagenu?», planteatu du Kureneko kideak, eta egungo look-ak, kirolaren profilak, LGTBI komunitatea edo beste nazionalitate batzuetako pilotarien irudiak plazaratzeko ideia azaldu du.

«‘Osopelotari’ egungo eta etorkizuneko belaunaldien inspirazio izan nahi duen proiektua da, egungo ikuspegitik pilotan dagoen heterogeneotasuna ikusaraziz», azaldu du Udalak.

Gaineratu duenez, proiektuan «alderdi bisualena» jorratu du klubak, irudi bakoitzarekin «hausnarketak eragitea eta pilotariei buruz aurrez ezarritako ikusmoldeei aurre egitea bilatuz».

Sopelan sortutako egutegia. (Sopelako Udala)

Klubak, bestalde, azpimarratu du «proiektu honek ausardiaz, inklusioaz, aniztasunaz, askatasunaz eta modernizazioaz hitz egiteaz gain» helburu duela «antzinako kirol honen inguruko pertzepzio soziala birdefinitzea».

Egutegiaren 1.500 ale baino ez dira inprimitu, eta batez ere herri mailan eta klubeko bazkide eta pilotarien artean banatuko dela adierazi du Udalak. Egutegia eskuratzeko, 10 euroko dohaintza gomendatzen da, besteak beste, «ikasleentzako eta klubeko gainerako pilotarientzako pilota materiala erosteko, eta pilotariak erakartzeko ekitaldiak antolatzeko».