GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Topa!Laudio’ turismo informazio bulegoak zerbitzuari berrekin dio Zumalakarregi etorbidean

Pasa den asteburuan zabaldu zituen ateak ‘Topa!Laudio’ turismo informazio bulegoak Zumalakarregi etorbide zentrikoan. Zerbitzua urte osoan mantenduko da, baina udan zenbait aldaketa izango du egunei eta ordutegiari dagokionez.

Turismo informaziorako bulegoa Laudion. (Laudioko Udala)

‘Topa!Laudio’ turismo informazio bulegoak zerbitzuari berrekin dio herriko Zumalakarregi etorbidean. Pasa den asteburuan zabaldu zituen ateak bulego berrituak aipatutako etorbideko kioskoan. Herritarren eta bisitarien eskura egongo da ostiraletik igandera, goizeko ordutegian, bederatzietan hasita eta ordubiak arte.

«Iaz bezala, zerbitzuak herriko eskaintza turistikoa dinamizatu eta sendotuko du, Laudioko ondare historiko eta naturala ezagutaraziz (Ermualde, Lauza parkea, ermitak...), baita udalerriko merkataritza eta ostalaritza eskaintza ere», azaldu dute ohar bidez Laudioko udal iturriek.

Oso kokapen zentrikoarekin –udaletxe ondoan eta Lamuza parketik oso hurbil– bulegoa zabalik egongo da urte osoan zehar, baina udan ordutegi berezia izango du. Aurreratu dutenez, udako hilabeteetan ostegunetik astelehenera emango du arreta, 9.00etatik 14.00etara, «baita zubietan eta egun berezietan ere».

Goi-denboralditik kanpo, oraingo ordutegia izango du, ostiraletik igandera. Bulegoan bertan eskainiko den aurrez aurreko zerbitzuaz gain, eskaintza turistikoarekin lotutako arrera telefonoz eskura daiteke, 944 034 930 telefono zenbakian, eta posta elektronikoaren bitartez, topa@laudio.eus helbidean.