24 ENE. 2024 Gaur X urte Atochako sarraskia gertatu zenetik 47 urte bete dira gaur 1977ko urtarrilaren 24aren gauerdian eskuin muturreko erradikalek bost sindikalista hil zituzten Madrilgo Atocha kalean, Comisiones Obreras sindikatuaren eta Alderdi Komunistaren abokatuen bulegoan. Frankismoaren osteko garaiko gertaera esanguratsuenetariko bat da. Atochako abokatuen segizioa. (Wikimedia Commons) GAUR8 Enrique Valdelvira Ibañez, Luis Javier Benavides Orgaz eta Francisco Javier Sauquillo abokatu laboralistak, Serafin Holgado ikaslea eta Angel Rodriguez Leak administraria hil zituen eskuin muturreko talde batek gaur duela 47 urte Madrilgo Atocha kalean. Zehazki Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuak kale honen 55. zenbakian zuen egoitzan gertatu zen, abokatu laboralisten bulegoan. Aurreko egunean, Guerrilleros de Cristo Rey talde faxistako kide batek Arturo Ruiz ikaslea hil zuen amnistiaren aldeko manifestazio batean. Hau salatzeko elkarretaratze batean, hurrengo egunean, Maria Luz Najera hil zen poliziak jaurtitako ke-poto baten ondorioz. Atochako bulegoan pistolekin sartu ziren hiruak Joaquin Navarroren bila ari ziren, Comisiones Obrerasen Garraio Batzordearen burua. Bulegoan ez zegoela esan bazieten ere, barrura sartu eta ondo-ondotik bost pertsona hil zituzten tiroz eta beste lau zauritu zituzten. 1980ean Jose Fernandez Cerrak eta Carlos Garcia Juliak 193 urteko zigor bana jaso zuten eta FET de las JONS-ekin lotuta zegoen Francisco Albadalejo 73 urtera kondenatu zuten. Carlos Portomeñek egindako ikerketa batek erakutsi zuen krimenean Estatu espainola eta Italiako muturreko eskuina tartean sartuta zeudela. Garcia Julia Brasilerak ihes egin zuen 1994an, espetxean 12 urte eman eta baldintzapeko askatasuna lortu ondoren. 2020an bere estradizioa izapidetu zen eta otsailaren 7an Interpolek Estatu espainolera eraman zuen eta Soto del Realen espetxeratu zuten. 2020ko azaroan bere abokatuak zigorraren kitapena eskatu eta aske geratu zen oraindik 10 urte bete behar zituenean. 2021ean Abogados de Atocha fundazioak espetxetik ateratzearen aurkako helegitea aurkeztu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegian.