29 ENE. 2024 Gaur X urte Duela 22 urte zendu zen Kaxiano soinujole handia, erromerietan hain maitatua Gure haur eta gazteek ez zuten ezagutu berrogeitaka urtean bere soinu handiarekin euskaldunak dantzan jarri zituen Lizartzako itsua. Baina 80ko hamarkadan atera zituen hit-ak, ‘Itsasontzi baten’ eta ‘Zorionak’ seguru jaso dituztela. Zazpi disko, 60 kantutik gora, eta kantaera berezi bat utzi dizkigu umorean eta adimenean aberatsa zen Kaxiano Ibarguren Bolinagak. Kaxianok zazpi disko utzi dizkigu, tartean ‘Nere oroigarri’ hau, 1989koa. (BADOK EUSKAL MUSIKA) GAUR8 Ez zuen bizi erraza izan Kaxiano Ibarguren Bolinagak (Antzuola, 1932 - Lizartza, 2002). 6 urte zituela aita, Emeterio, galdu zuen eta 10 urte zituela ama, Martzelina. Orduan izebaren etxera joan zen. Haurtzaro tristea izan zuela adierazi zuen, gerra ondoko une latzak ziren. Halere, baso eta mendiek babestu zuten eta anaia Manolo soinua jotzen hasi zenean poz handia hartu zuen. «Zoritxarrak zortea ekarri zidan», erraten zuen, itsu gelditu zenean hasi baitzen musika sortzen. 16 urterekin gertatu zitzaion ezbehar baten ondorioz izan zen. Gipuzkoa Nafarroarekin lotuko zuen Lizartza eta Araitzeko tunelak egiten ari zela, gau batez lana aurreratzen, lehertu gabe gelditu zen lehergailu batek eztanda egin eta itsu utzi zuen Kaxiano eta berarekin ari zen laguna hil egin zuen. Braillea eta soinua ikasi, eta 18 urterekin igande arratsaldero jotzen zuen Lizartzan. Herrietatik deiak iristen hasi, eta ez zen gelditu berrogeitaka urtean. Kaxianok kantu alai eta erritmo bizkorrekoak tonu minorrean jotzen zituen, eta triste eta mantsoak tonu maiorrean. Hori zuen bereizgarri. Hori, eta bazter guztietan eman eta banatzen zuen maitasuna. Aitzindaria izan zen gurean akordeoiarekin tangoak eta mexikarrak jotzen. Euskal sustraietatik sortzen zuen, baltseak, pasodobleak eta boleroak ederki menderatzen zituen, eta bere sinpletasunean dotorea zen. Bertsolaria ere bazen, eta doinu politak, samurrak, oso sentikorrak egiten zituen. Berea da, adibidez, ‘Kantatzera nihoa’. 1986an ‘Itsasontzi baten’ diskoa argitaratu zuen, eta segidan ‘Baserritik kalera’, ‘Nere oroigarri’, ‘Ongi etorri’, ‘Lizartzako oihartzunak’, ‘Antzuolari’ eta ‘Soinu eta kantu’. 2002an hil zen, Azpeitian omenaldia prestatzen ari zitzaizkionean. Bere umorea eta adimena azpimarratu zituzten hurbilekoek.