03 FEB. 2024 Gaur X urte Musika hil zen eguna 1959an, gaurko egunez, Buddy Holly, Ritchie Valens eta The Big Bopper rock musikariak hegazkin istripuz hil ziren, Clear Lake Iowako herritik hurbil. Don McLeanek ‘Musika hil zen eguna’ abestu zuen ‘American Pie’ kantuan eta geroztik hala ezagutzen da otsailaren 3a. Buddy Holly, hegazkin istripuan hil zen bandaren liderra. (WIKIPEDIA) GAUR8 Waylon Jennings (baxua), Tommy Allsup (gitarra) eta Carl Bunchek (bateria) osatzen zuten Buddy Holly abeslariarekin batera rock banda. ‘Winter Dance Party’ izeneko biran jotzen zebiltzan, AEB erdialdean. Ritchie Valens eta The Big Bopper artistak ere batu ziren taldera 24 hiritara iritsiko zen itzuli horretan.Urtarrilaren 23an hasi zuten bira, eta bidaien maiztasuna azkar bilakatu zitzaien arazo. Distantzia luzeak ziren eta horrek kalteak eragin zizkien musikariei, gripea harrapatu zuten eta izozteak ere sufritu zituzten. Iowako Clear Laken jo ondotik, baldintza meteorologikoek frustratuta, Hollyri hegazkin txiki bat alokatzea bururatu zitzaion, Minnesotako Moorheaden emango zuten hurrengo kontzertura joateko.The Big Bopperrek gripea zuen eta Jenningsen lekua hartu zuen abioian. Tommy Allsupek Valensekin gurutzea edo aurpegia jokatuz galdu zuen bere eserlekua.... eta bizitza irabazi.Aireratu eta agudo, gauez eta eguraldi traketsarekin, pilotuak kontrola galdu zuen, eta arto sail batera erori zen ‘Beechcraft Bonanza’ hegazkin txikia, aireportutik sei miliatara. Bidaiari guztiak hil ziren.Don McLeanen kantuaz gain, beste hainbat abestitan eta film batzuetan ere aipatu izan da ezbeharra. Eta monumentu bat dago gertatu zen lekutik hurbil.