GAUR8 - mila leiho zabalik

UEMAk Iñaki Arregi ikerketa bekara lanak aurkezteko epea zabaldu du

Udalerri euskaldunen garapena eta egoera soziolinguistikoaren ezagutzarekin lotuta, Iñaki Arregi ikerketa bekaren deialdi berri bat egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Lanak aurkezteko epea irekita dago apirilaren 16ra arte.

UEMAren azken batzar orokorra, irudian. (Jon URBE | FOKU)

Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko Iñaki Arregi ikerketa bekaren hirugarren deialdia egin du UEMAk. Lanak aurkezteko epea apirilaren 16ra bitarte egongo da zabalik, eta bi lan sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin.

Udalerri euskaldunen ikerketa, garapena eta egoera soziolinguistikoaren ezagutza jendarteratu nahian, Iñaki Arregi ikerketa beka abiarazi zuen udalerri euskaldunen mankomunitateak 2019an. Ordudanik, bi urtean behin, arlo horiei buruzko proiektuak lagundu ditu diruz, eta asmo horrekin aurkeztu du orain hirugarren deialdia, Lakuako Gobernuaren babesarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskalgintzaren Kontseiluaren laguntzarekin.

Bi lan sarituko dira, 6.000na eurorekin. Deialdia hurrengo egunotan argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta horren ondotik egitasmoak aurkezteko epea apirilaren 16an amaituko da. Hilabete beranduago, maiatzaren 16an, jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek 12 hilabeteko epea izango dute ikerlanak garatzeko eta amaituta aurkezteko. Amaitzean, gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.

Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak. UEMAk aurten antolatuko dituen jardunaldietan ezagutarazi ahal izango dira lan saridunen edukiak.

Arregiren «arima»

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) UEMAren koordinatzailea izan zen, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea. UEMAren «arima» izan zen, sorreratik, eta mankomunitateak 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta bekari bere izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian.

Lehen deialdian bi lan saritu zituen epaimahaiak: batetik, Joseba Garmendiaren lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa; bestetik, Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak elkarlanean egindakoa, udalerri euskaldunetara heldutako erdaldunek euskararen inguruan dituzten iritziak eta bizipenak aztertuz.

Bigarren deialdian, berriz, Saioa Zuazubiskar arkitektoaren ‘Herri euskaldunak diseinatzen. Eragin linguistikoaren manuala arkitekturan eta hirigintzan’ egitasmoa izan zen beka jaso zuen lehen lana. Horrekin batera, June Furundarena, Leire Sanchez eta Jon Izetak osatutako lantaldearen proposamena izan zen epaimahaiak saritu zuen bigarren ikerketa: ‘Euskal gazte hiztunen hizkuntza autoestimua: faktoreen analisia eta egoera iraultzeko’ proposamena.