GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Abdullah Ocalan politikari kurdua duela 25 urte atxilotu zuten Kenian

Gaur 25 urte bete dira Turkiako Inteligentzia Zerbitzuak Abdullah Ocalan PKK presidentea Kenian atxilotu zuela. Orduz geroztik isolamendu-erregimenean egon da.

Manifestari kurdu bat, Abdullah Oçalan buruzagi presoaren irudia duen banderarekin. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

1999ko otsailaren 15ean, Abdullah Ocalan Turkiako Inteligentzia Zerbitzuak (MIT) Kenian atxilotu zuen epaitzeko. Lehenik, heriotza-zigorra ezarri zioten Ocalani, baina gero ordeztu egin zioten biziarteko kartzela-zigorragatik. Orduz geroztik, isolamendu-erregimenean egon da, eta murrizketa gogorrak izan ditu familiarentzat eta abokatuentzat ere. Ocalan atxilotu zuten bere Kurdistango Langileen Alderdian (PKK) milintantziagatik, «terrorismoa» eta «separatismoa» leporatuta.

Imraliko espetxeko patioan beste hiru atxiloturekin egunero egiten diren paseoetan, Ocalan gertutik behatzen dute. Besteekin hitz egiten badu, diziplinazko zigorra ezar dakioke nahierara. Gainera, zigorrak egoera politikoaren arabera ematen dira. Kanpoko mugimendu kurduak Estatu turkiarrari desafio egiten badio, Ocalan zigortu egiten dute horregatik.

Telefonoz hitz egiteko baimena 2020ko apirilaren 27an eman zitzaion lehen aldiz Ocalani. Halaber, Mehmet Ocalan anaiarekin telefonoz hitz egiteko baimena eman zitzaion 2021eko martxoaren 25ean, sare sozialetako salaketek haren osasunagatik eragindako kezka publikoaren ondoren. Deia eten egin zen minutu batzuen ondoren.

Harrezkero, ez da haren osasunari eta ongizateari buruzko informazio baieztaturik eskuratu. Ocalanen senideei bisita egiten utzi zitzaien azken aldia 2020ko martxoan izan zen. Ezin izan da abokatuekin bildu 2019ko abuztutik. 2007ko martxoan Ocalanen aurkako pozoitze-saiakera bat izan zen Imraliko espetxean. Une askotan ez da jakiten bizirik dagoen ere, eta kezka handiak daude bere bizitza eta ongizateagatik.