19 FEB. 2024 Gaur X urte 39 urte Oiz mendiko hegazkin-tragediatik 1985eko otsailaren 19a zen eta Madriletik Bilbora zihoan Iberiako hegazkin batek istripu izugarria izan zuen Oiz mendian, honen kontra talka egin zuenean. Hegazkinean zeuden 148 pertsonak hil ziren. Istripu osteko irudi bat, Oiz mendian. (NAIZ) GAUR 8 Gaur dela 39 urte, 1985eko otsailaren 19a, Madrid-Bilbo norantza zuen Iberiako Boeing 727 hegazkinak Oiz mendiaren gailurrean zegoen ETBren antena kolpatu eta kontrola galdu zuen. Eztanda etorri zen ondoren, eta bidaiari guztiak bertan hil ziren, 148 pertsona. ‘Alhambra de Granada’ izena zuen hegazkina Madrildik atera zen 08.45ak aldera, Jose Luis Patiño Arrospide komandante zuela. Goizeko 09.25ean Durangaldetik Txorierrira sartzera zihoan Loiuko aireportura heltzeko asmoarekin. 2.133 metroko garaieran, hasi zen gerturatzen lurrera. 1.231 metrora zegoela alarmak baxuegi zihoala adierazi zuen, baina tripulazioak pentsatu zuen gerturaketa alarma zela eta ez zion garrantziarik eman. Jaisten jarraitu zuen, 9.27etan Oiz mendiko gailurrean (1.026 metro) zegoen ETBren antenarekin talka egin zuen arte, 370 kilometro orduko abiaduran. Talkaren ostean, pilotoak hegazkinaren kontrola galdu zuen eta mendiaren kontra jo zuen. Maldan behera erori zen eta motorrek eztanda egin zuten. 141 bidaiari eta 7 tripulanteak hil ziren bertan. Goizeko 09.27an aireportuko kontrol dorrearen eta hegazkinaren arteko komunikazioa eten egin zen, eta kontrolatzaileen artean kezka sortu zen, hegazkina goizeko 9.35etan lurrartzekoa zela eta. Istripua gertatu zela ohartuta, abisua eman eta erreskate operazioa hasi zen. Suhiltzaileak, anbulantziak eta poliziaz gain, jende ugari bertaratu zen biktimen gorpuak berreskuratzen laguntzeko intentzioarekin. Guztira, 700 pertsona inguru joan ziren Oiz mendira, nahi gabe kaosa sortuz, eta Guardia Zibila eta Ertzaintzaren artean arazoak eraginez. Istripuaren bortizkeria eta inguruaren erliebe malkartsua zela eta, gorpuen berreskuratze lanak oso zailak izan ziren. Istripuaren arrazoiak alarmaren interpretazio txarra eta gerturatzeko hautatutako altuera eskasa izan ziren arren, altimetroa oker zebilela ere jasotzen da dokumentuetan. Bestalde, aipagarria da Iberiak erabilitako nabigazio kartetan ez zela agertzen Oiz mendia bera ezta 54 metro neurtzen zituen antena ere. Prentsa egoeraz probestu zen eta hildakoen argazkiak argitaratu zituzten, inoren baimenik gabe, eta zurrumurruak elikatzeko, Jose Luis Patiño pilotua alkoholaren eraginpean zegoela zabaldu zen (gerora konprobatu zen gezurra zela).