GAUR8 - mila leiho zabalik

Maiatzean zabalduko dute Urduñako harresia zaharberritze lanen ostean

Azken urteotan egindako zaharberritze lanen ondoren, Urduñako harresia maiatzean bisitatu ahal izango da, Lakuako Gobernuak eta Udalak iragarri dutenez. XV. mendekoak dira hiria inguratzen zuten harresi gotikoen zatiak, Bizkaian kontserbatzen diren zaharrenetakoak.

Agintariak Urduñan, astelehenean lanetara egindako bisitan. (IREKIA)

Urduñako harresia maiatzean bisitatu ahal izango da, berreskuratze proiektua amaitu ostean. Lanak aurreko legealdian abiatu ziren, Lakuako Gobernuaren 675.000 euroko inbertsioarekin.

Gaur egun, XV. mendean Urduñako alde zaharrean hiria inguratzen zuten harresi gotikoen zati bat kontserbatzen da. Harlanduzko horma da, eta mentsuloi bikoitza du. Elizaren burualdea inguratzen duen erronda-pasealekurako sarbidea da. Urduñako herrigunea harresituta dago, eta Lakuaren dirulaguntza Andra Mari parrokiaren eta Udalaren artean dagoen harresia zaharberritzeko erabili da.

Urduñako Udalak 2022ko azaroan aurkeztu zuen Andra Mari parrokiaren eta harresiaren artean dagoen eremurako proiektua. Lanen helburua Urduñako ondare historiko eta arkitektonikoari eta haren kontserbazioari balioa ematea da, eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko parkea sortzea. Eremu horretan, agertoki bat, pasabide bat eta lorategidun gune bat eraikiko dira.

Hiriaren garrantzia

Urduñakoa Bizkaian kontserbatzen den harresirik zaharrenetakoa dela azpimarratu zuen Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak pasa den astelehenean, agintariek lanetara egindako bisita batean. Nabarmendu zuen, gainera, «XII. mendetik datozen eta hiri honen garrantziaz eta Urduñan dauden eraikuntzen garrantziaz hitz egiten duten oihal batzuk» daudela.

«Ondare historikoa berreskuratzea eta balioan jartzea oso garrantzitsua da gure iragana ezagutu nahi badugu eta haren ezagutza etorkizuneko belaunaldiei transmititzen jarraitu nahi badugu», adierazi zuen Zupiriak.

Azpimarratu zuen, halaber, harresia birgaitzeko egokitutako diru kopurua Aiaraldeko Lehentasunezko Jarduera Eremuan ezarritako inbertsioetan sartzen dela, ekonomiaren eta enpleguaren susperraldia bultzatzea helburu duen Berpiztu programaren barruan.