27 FEB. 2024 EHUren ‘Erakusteko kamisetak’ proiektuak bost sari jaso ditu Elastikoak euskarri gisa hartuta, sormen grafikoko metodologia berritzailea, garapen jasangarrirako helburuen inguruko hausnarketa eta komunikazio grafiko soziala uztartzen dituen EHUren proiektuak Ilustrazioaren Nazioarteko Urrezko Pelikanor saria jaso berri du. Guztira bost sari bildu ditu dagoeneko. Leire Fernandez Iñurritegi eta Eduardo Herrera EHUko Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinuko Graduko irakasleak. (UPV/EHU) GAUR8 EHUko ‘Erakusteko kamisetak’ proiektuak Ilustrazioaren Nazioarteko Urrezko Pelikanor saria jaso berri du, «Ilustrazioan oinarritutako piktograma serie onenean’. Ez da bakarra izan, beste sari batzuk izan baititu elastikoak baliatuz Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako mezuak plazaratu dituen ekimenak. Leire Fernadez Iñurritegik eta Eduardo Herrerak sortu eta praktian jarri duten metodologia berritzailea dago lanaren atzean, EHUren IKDi3 Laborategiaren berrikuntza proiektu bat, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuak ardatz hartuta. EHUk zehaztu du ohar batean, saritua izan den proiektu honek sormen grafikoko metodologia berritzaile bat erabili duela. Fernandez eta Herrera diseinu grafikoko irakasleak dira Arte Ederren Fakultateko Sorkuntza eta Diseinu Graduan, eta ‘Letraz’ diseinu grafikoko eta tipografiako ikertaldeko zuzendariak dira. Bultzatzen duten irakats planteamenduan, «irudi bakoitzaren bidez Garapen Jasangarrirako Helburu bakoitzetik ondoriozta daitekeen errealitatearen bat» kontatzeko konpromisoa hartzen dute ikasleek. Prozesu horretan, eguneroko objektuak grafikoki irudikatu eta «jatorrizko esanahietatik desaktibatu dituzte», ikuspegi berrietatik begiratzera gonbidatuz. «Laburbilduz, ikasleek irudi aktibista sortu dituzte; eta irudi horien helburua da gizateriak aurre egin beharreko erronka handien aurrean eraldaketa sozialerako beharrezko ezagutza eta alderdi harztea modu sentikorrenean aktibatuko duten eragile bihurtzea», esplikatu dute. Mezu bat duten kamisetak Istorio berriak sortzera eta hausnartzera bultzatzen duten irudi horien artean, janari azkarreko kate handi batean gantza neurtzeko erabiltzen den tresna dago edota bizar-xafla bat tximeleta baten barruan, munduan milioika emakumezkok jasaten duten sexu organoen mutilazioa irudikatzeko, jarri dituzte adibide gisa. Ikasleek sortutako irudiak elastikoetan erakutsi dira, eta saritua izan den katalogoa erakusketa ibiltari baten barruan ikusi ahal izan da. «Euskarri hori aukeratu dugu irudien izaera aktibista sinbolikoki babesteko. Kamisetak eboluzionatu egin du eta azpiko arropa arrunta izatetik kanpora oihu egin nahi duen jantzia izatera igaro da. Hortaz errebeldiarako eta komunikazio grafiko sozialerako euskarri eraginkor bihurtu da», adierazi du Leire Fernadez Iñurrategik, kamisetak arbelaren egitekoa bereganatzen duela gaineratuz.