09 MAR. 2024 Gaur X urte Barbie, inoizko panpinarik ezagunena, duela 65 urte sortu zen Gaur 65 urte betetzen dira lehenengo Barbie panpina publikora aurkeztu zenetik. Geroztik, arrakasta izan du mundu osoan, baina polemika ere piztu du: Barbie beti argal. Ruth Handler, Barbieren sortzailea, bere panpinak erakusten. (WIKIMEDIA) GAUR8 Inoiz izan den panpinarik ezagunena, Barbie, 1959ko martxoaren 9an jaio zen, eta ez da jostailu hutsa: haren historia eta urteen joanean nola aldatu den behatuz gero, 60ko hamarkadatik orain arteko gizartearen isla ikusiko dugu. Denverreko emakume bat, Ruth Handler, ohartu zen Barbara alabak ez zuela nahi ume-itxurako panpinekin jolastu, eta emakume helduagoaren ezaugarriak zituen panpina egin zion. 1959an, Barbie argitara atera zen Jostailuaren Azokan, eta gainerakoa historia da: gaur egun 150 herrialdetan baino gehiagotan du arrakasta, mila milioi panpina baino gehiago saldu dira eta enpresak berak dio 3 Barbie erosten direla segundoko. Herriaren eskariz, handik urte batzuetara Ken sortu zuten, Barbieren mutil-laguna. Lehenengo panpina soilik 3 dolarren truke saltzen zen, eta 1965ean sortu zuten Barbie anstronauta, Neil Amstronek ilargia iritsi baino lau urte lehenago. Lehen panpin beltza, aldiz, hiru urte beranduago iritsi zen, 1968an. Geroztik, denen gusturako edizioak izan dira: herrialde desberdinetako jantziekin atondutako panpinak, Barbie presidentea, gurpildun aulkiarekin, down sindromearekin... gizarteak aurrera egin duen heinean, hala egin du panpin honek ere. Hala ere, ez da polemikatik salbu egon historiako panpinik famatuena: sarritan egotzi izan zaio sortzaileari emakumearen irudi normatiboa eta ez oso errealista soilik darabilela.