GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 16 urte hil zen Mentxu Gal margolaria

Gaurko egunez 2008an hil zen Mentxu Gal margolaria, Irun jaioterrian. Ibilbide oparoan zehar erakusketa ugari eskaini zituen, bakarka zein beste artista batzuekin batera, eta hainbat sarirekin aitortu zioten egindako lana.

Mentxu Gal. (Fundación Menchu Gal)

Irunen jaio zen Mentxu Gal, 1919ko urtarrilaren 7an eta 90 urte zituela zendu zen jaioterrian gaurko egun batez. Bere ibilbide artistikoan zehar sari ugarirekin aitortu zioten lana, gazte-gaztetatik hasita.

Txikitatik maite izan zuen pintatzea eta gaztetan Gaspar Montes Iturrioz izan zuen irakasle, zazpi urterekin hasi baitzen haren ikasle. Parisera joan zen hamahiru urterekin, Académie d’Amédée Ozefant, artistarekin batera ikasteko. Hurrengo urtean hirugarren saria eskuratu zuen Gipuzkoako Artista Nobelen X. Erakusketan.

15 urte zituela Madrilera joan zen San Fernando Arte Ederren Eskolan eta Marisa Roëset margolariaren estudioan ikastera. 36ko gerra lehertu zenean frantziar Estatuan hartu zuen babesa, Tardets herrian, hain zuzen ere.

1943an itzuli zen Madrilera eta José Gutierrez Solanak deskubritu zuen eta harremana izan zuen Daniel Vázquez Díaz, Benjamín Palencia, Pancho Cosío, Rafael Zabaleta eta Juan Manuel Díaz Caneja margolariekin. Hain zuzen ere, Clan galerian zeukaten talde-erakusketara batu zen. Bertan, ‘Joven Escuela de Madrid’ taldearen baitan garatzen hasi zen.

26 urte zituela, 1945ean, Gipuzkoako Artista Nobelen XIII. Erakusketan lehen saria eskuratu zuen eta urte berean joan zen behin betiko Madrilera bizitzera. Ordutik eta 1950eko hamarkadaren amaierara arte erakusketa asko egin zituen, besteak beste, Donostian, Zaragozan, Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon.

1947an beste mugarri bat ezarri zuen bere ibilbidean, Buenos Aireseko Arte Ederren museoko Espainiar Arte Garaikidearen Erakusketan parte hartu zuenean. Hurrengo urtean izen bereko erakusketetan parte hartu zuen Rio de Janeiron eta Sao Paulon.

Veneziako XXV. Bienal Internazionalean parte hartu zuen 1950ean eta hurrengo urtean Donostiako Udalak saritu zuen Artista Gipuzkoarrentzako Gabonetako I. Sariketan. Halaber, 1952an lehendabiziko Hispanoamerikako Arte Bienalean parte hartu zuen, baita 1954an Habanan egin zen bigarrenean ere.

Urte berean eskuratu zuen hirugarren domina Rafael Zabaleta margolariaren erretratuagatik, Madrilgo Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan eta Karibeko II. Bienalean ere saritu zuten. 1957an Espainiako Pintura Sari Nazionalean bigarren tokia eskuratu zuen eta beste mugarri bat ezarri zuen ibilbide artistikoan bi urte geroago, sariketa berean lehen postua lortzen lehen emakumea bilakatu zenean.

2005ean Gipuzkoako Diputazioak eta Irungo Udalak Urrezko Domina eman zioten eta 2007an Manuel Lekuona saria eskuratu zuen. Urtebete geroago hil zen, 2008ko martxoaren 12an, Irunen. Bere ibilbide oparoan zehar bakarkako 70 erakusketa eskaini zituen eta 232 talde-erakusketatan hartu zuen parte.

Pintura figuratibista landu zuen, baina garaikidea, garaiko pinturaren ezagutza sakonean oinarritutakoa. Bidasoko nahiz Gaztela-Mantxako paisaiak eta erretratuak daude bere lanik ezagun eta estimatuen artean.