20 MAR. 2024 Gaur X urte Einsteinen ‘Erlatibitatearen teoriak’ 108 urte bete ditu 1916ko martxoaren 20an publikatu zuen Albert Einsteinek ‘Erlatibitate Orokorraren Teoria’. Aurrez idatzi zuen erlatibitatearen teoria osatu eta garatu zuen, Newtonen grabitatearen teoria ordezkatuz. Duela hiru urte, 1913 urtearen inguruan Einsteinek berak eta Michelle Besso fisikoak teoria honi buruz idatzi zuten zirriborro bategatik 11,6 milioi euro ordaindu zituzten Parisen egin zen enkante batean. Albert Einstein, 1921 urtean. (AFP) Amaia Ereñaga 1916ko martxoaren 20an, 37 urte bete berriak zituenean, Albert Einsteinek (Ulm, Baden-Württemberg, Alemania, 1879ko martxoaren 14a - Princeton, New Jersey, AEB, 1955eko apirilaren 18a) ‘Die Grundlagen der allgemeinen Relativitästheorie’, hau da ‘Erlatibitatearen teoria orokorraren oinarriak’ zientzia-artikulua argitaratu zuen ‘Annalen der Physik’ zientzia-aldizkarian. Horrela, espazioaren beraren ulerpena aldatu zuen teoriak argia ikusi zuen. Einstein-ek erlatibitateari buruzko teoria azaldu zuenean ez zituen zientziaren egiturak bakarrik hankaz gora jarri; pentsamenduarenak ere irauli zituen. Donostia International Physics Centerreko webgune honetan bere bizitza eta lanei buruzko ezaugarri gehiago dituzue eskuragarri. Paul Diracek, 1933an Fisikako Nobel saridunaren, esanetan teoria hau: «Beharbada, inoiz egin den aurkikuntza zientifikorik handiena da». Ildo horri jarraiki baieztatu zen unibertsoa ez dela estatikoa. Stephen Hawkingek garatu zuen ildoaren abiapuntua izan zen Einsteinen teoria, esaterako. Handik bost urtera, 1921ean, Nobel saria eman zioten Einsteini baina ez ‘Erlatibitatearen Teoriagatik’, itxuraz teoria okerra izan zitekeen zalantzak zituzten orduan, eta efektu foto elektrikoaren inguruan egindako lana saritu zuten. Einsteinen ‘Erlatibitatearen teoria’ jada frogatuta dago; ordea, hain frogatua ez dagoena da gizakiak denboran bidaiatzeko gaitasun hori lortuko ote dugun inoiz. XX. mendeko ikono esanguratsuenetakoa bihurtu zen Einstein. Orain urte batzuk jakin denez, gainera, ‘American Board of Guardians for Basque Refugee Children’ delakoaren kide izan zen 30eko hamarkadan. Hau da, Euskal Herriko Ume Errefuxiatuen Zaindarien Batzorde Amerikarrean parte hartu zuen. Dirudienez, FBIri gehiegi gustatu ez zitzaion jarduera: Edgar Hoover-ek gidatutako Federal Bureau of Information-ek zientzialariaren pausoak jarraitu zituen hamarkadetan eta hari buruzko kablegrametako batean auzi esanguratsu bezala nabarmendu zuen Einsteinen partaidetza euskal umeenganako elkartasunerako sortutako batzorde amerikar hartan.