26 MAR. 2024 Gaur X urte Duela 16 urte Europan inoiz aurkitutako homo baten hezurrik zaharrenak agertu ziren Atapuercan Gaurko egunez duela 16 urte Europan inoiz topatutako homo baten hezurrik zaharrenak agertu ziren Atapuercako aztarnategian, Burgosen. Homo antecesor baten masailezurra zen, 1.200.000 urte zaharra. Duela 16 urte aurkitutako masailezurra. (Wikimedia Commons) GAUR8 Duela 1.200.000 urteko masailezurra aurkitu zuten gaur 16 urte Burgosen dagoen Atapuercako aztarnategi arkeologikoan. Homo antecesor baten hezurra zen, Europan inoiz aurkitu den homo baten hezurrik zaharrena. ‘Nature’ izeneko zientziari buruzko aldizkarian aurkeztu zuten aurkikuntza 2008ko martxoaren 26an Juan Luis Arsuagak, Jose Maria Bermudez de Castrok eta Eudald Carbonellek zuzendutako ikerlarien taldeak. Batik bat Burgoseko Giza Eboluzioari buruzko Ikerkuntza Zentro Nazionalekoak (CENIEH) eta Tarragonako Giza Paleoekologia eta Eboluzio Sozialeko Institutu Katalanekoak (IPHES) ziren ikerlariak. Masailezurraz gain hortzak ere aurkitu ziren, eta animalien hondakinekin eta silex harriekin egindako lanabesekin batera agertu ziren. Zehazki, 2007ko ekainean aurkitu zituzten fosilok, Sima del Elefante izeneko aztarnategian. «Aurkikuntza honek baieztatzen du hominidoak Afrikatik kanpo lehen aldiz hedatu eta gutxira beste hedapen bat gertatu zela Eurasiaren ekialderantz eta mendebalderantz Ekialde Hurbiletik, hiru kontinenteen arteko benetako bidegurutzea dena. Europan, mendebaldeko muturrean, espezializazio-fenomeno bat gertatu behar izan zen, guk ‘Homo antecessor’ izenarekin identifikatzen duguna», azaldu zion orduan Europa Press agentziari Jose Maria Bermudez de Castrok.