GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Azazetako sarraskitik 87 urte bete dira gaur

Azazetan 16 preso politiko arabar hil zituen Francoren armadak duela 87 urte, 1937ko martxoaren 31n. Frankistek Araban egindako sarraskirik handiena izan da. Egun horretan bertan Francoren gudarosteak Durango bonbardatu zuen.

Azazetan hildakoei 2022an egindako omenaldi bat. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gaur 87 urte Azazetako sarraskia gertatu zen, non Arabako 16 preso politiko hil zituen armada Frankistak, Araban egindako hilketarik handiena delarik.

Egun berean, 1937ko martxoaren 31n, Durango bonbardatu zuten frankistek. Horren ostean, gauean, Gasteizko La Paz presondegian erreketeek, Guardia Zibilek eta falangistek osatutako eskuadroia agertu zen, Bruno Ruiz de Apodacaren gidaritzapean.

Handik 16 preso atera zituzten eta, eskuak lotuta, kamioi batzuetan sartu eta Azazetako mendatera eraman zituzten eta han fusilatu zituzten eta hobi komunetan ehortzi zituzten.

Tartean orduko Gasteizko alkatea, Teodoro Gonzalez de Zarate bazegoen ere, langileak, militante errepublikanoak sozialistak, anarkistak, abertzaleak eta, funtsean kolpisten ideien aurkako ideologiak zituztenak zeuden.

Hildakoak honako hauek izan ziren: Teodoro Gonzalez de Zarate, Gasteizko alkate errepublikarra; Francisco Diaz de Arcaya, Gasteizko Udaleko zinegotzi sozialista; Jose Luis Abaitua Perez, ABBren burukidea; Victor Alejandre, Gaubeakoa, Partido Republicano Radical Socialista alderdian militantea; Eduardo Covo Gonzalez, telegrafoetako langile gasteiztarra; Jaime Conca Amoros, Gasteizko jornalaria; Jose Domingo Elorza San Vicente, pintore gasteiztarra eta PSOEra afiliatuta; Constantino Gonzalez Santamaria, bizargina; Francisco Garrido Saez de Ugarte, doitzailea eta CNTra afiliatuta; Prisco Hermua Arrizola, jornalaria eta CNTra afiliatua; Antonio Garcia Bengoetxea, mekanikoa; Jesus Estrada Abalos, mekanikoa eta Alderdi Komunistara afiliatuta; Daniel Garcia de Albeniz Azazeta, Maeztuko laboraria eta CNTra afiliatua; Manuel Jose Collel Aguila, trenbideetako langilea, Union Republicanara afiliatua; Manuel Hernandez Ibañez de Garaio, trenbideetako langilea, eta Casimiro Cerrajería Zarranz, pirotekniko gasteiztarra, UGTra afiliatua.

Gonzalez de Zarateren, Abaituaren eta Colleren gorpuak bi urte geroago berreskuratu zituzten eta Gasteizko Santa Isabel hilerrira eraman zituzten. Beste guztien gorpuzkiak hil eta 41 urtera atera zituzten handik, 1978an, ondoren El Salvador hilerrira eramateko.