02 ABR. 2024 Napoleonen armadaren okupazioan girotutako azoka egingo dute asteburuan Gasteizen Napoleonen garaian inspiratutako azokak XII. edizioa eskainiko du asteburuan Gasteizen. Hainbat emanaldi, tailer, ekitaldi antzeztu eta kalejiraz gain, 130 saltoki bilduko ditu azokak Arriaga parkean. Ostiraletik igandera egingo da Napoleon garaiko azoka. (Ipar Arriaga Elkartea) GAUR8 Napoleonen Merkatuaren XII. edizioa egingo dute Gasteizen asteburuan. Guztira 130 artisautza, gastronomia eta tokiko elikagaien saltoki izango dira Arriagako parkean. Azoka bitxia da, «historiaren aldi nabarmen bat ezagutzeko aukera» ematen baitu, Frantziako okupazioaren garaian inspiratutako «emanaldi, antzerki, kalejira, jolas eta pertsonaien bitartez». Ipar-Arriaga elkarteak jakinarazi duenez, azoka apirilaren 5ean hasiko da, ostiralean, 18.00etan, Napoleonen kanpamentuen irekiera eta inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan, artilleriako lehen salbak jaurtiko dira lau librako kanoiarekin. Halaber, arratsalde horretan musika tradizionaleko eta animaziozko ikuskizunak izango dira, baita kalejirak ere. Gasteizko Bataila 1813 elkartearen kanpamentuetara joan ahal izango dira bertaratutakoak. Elkartea berreraikitze historikoko talde bat da, espezialistek osatua, eta Napoleonen kanpamentu bat antolatuko du, lau denda eta atrezzo desberdinekin. Egun bakoitzean hainbat jarduera antolatuko dira, 20.30ak arte. ‘Historiaren txokoa’ Ordutegi berarekin, haurrentzako espazioa eta atrakzioak irekita egongo dira. Berrikuntzen artean, aurten ‘Historiaren Txokoa’ izeneko kanpamentu bat izango da, eta bertan, gure hiriko historialari ezagunen eskutik, 1813ko Gasteizko Batailaren Monumentuaren historia ezagutu ahal izango da. Larunbateko egitaraua 11.00etan hasiko da, kanpamentuen irekierarekin, artilleria salbak eta bisita antzeztuekin. Ordu erdi geroago, desfilea egingo dute merkatuan zehar eta, 12.00etan, haurrentzako jarduerak eta XIX. mendeko heziketa militarraren erakustaldia hasiko dira. Musika, txotxongiloak eta dueluak egongo dira eta intsigniak banatuko dira. Gainera, merkatuan zehar erronda militarra egiteko ekitaldia egingo da, 13.30ean. Arratsaldean, animazio jarduera guztiei Napoleonen garaiko borroka bat gehituko zaie. Udalekuak eta haurrentzako gunea 11.00etatik 14.00etara eta 17.30etik 19.45era irekiko dira. Igandean, azoka eta kanpamentua 10.30ean zabalduko dira, eta jarduerak 14.00ak arte luzatuko dira. Familientzako tailerrak izango dira 12.00etatik aurrera eta txanda militarra eta artilleriako salbak egingo dira. Arte Galego Gasteizko Galiziako Zentroko gaita jotzaileen taldeak girotuko du jolasgune ezberdinak izango dituen azoka. Era berean, Tempus Allon eta Epa Juglares taldeak arduratuko dira merkatua dinamizatzeaz, gaztelaniaz zein euskaraz egingo diren antzerki jardueren eta txotxongiloen bidez. Ipar-Arriaga Auzo Elkarteak artisautza eta elikadura salmenta postuen «aniztasuna» azpimarratu du, azokak 130 erakusketari bilduko baititu.