07 ABR. 2024 Gaur X urte Munduko Osasun Erakundea sortu zen eguna Osasunaren arloko prebentzio, sustapen eta esku-hartze politikak kudeatzen espezializatutako Nazio Batuen Erakundearen agentzia, Munduko Osasun Erakundea, gaurko egunez sortu zen 1948an. 196 estatu kide ditu egun. Munduko Osasun Erakundearen egoitza nagusia Genevan dago. (CC BY-SA 4.0) GAUR8 Nazioartean osasun baldintzak hobetzeko eta eritasunen kontra borrokatzeko helburuarekin jaio zen Munduko Osasun Erakundea gaur 76 urte. Osasunaren nazioarteko lehen egunean eratu zen formalki, 26 estatu kidek berretsi zutenean. Hasierako etapa hartan, lehentasunak paludismoaren, tuberkulosiaren eta sexu-transmisiozko infekzioen hedapena kontrolatzea eta ama eta haurren osasuna, nutrizioa eta ingurumen-higienea hobetzea izan ziren. Gaur egun, ikerketak, gaixotasun endemikoen kontrako kanpainak eta sendagaien hedapena bultzatzen ditu, besteak beste. Gripea edo GIBa bezalako gaixotasun kutsakorrei aurre egiten ahalegintzen da, baita biztanleriarengan eragin handia duten minbizia eta kardiopatiei ere. Bi alor nagusi bereizten dira MOEren lanean: teknika eta ikerketak, batetik, eta prestakuntza eta laguntza, bestetik. Genevan du egoitza eta munduko 196 estatu kide biltzen ditu 150 bulego baino gehiagotan. Osasunaren Mundu Biltzarraren bidez antolatzen dira. 2012an honako xedeak zehaztu zituen erakundeak: osasunerako gai kritikoetan lider izatea eta elkarteetan parte hartzea; ikerketa agenda eratzea eta ezagutza baliotsuak sortzea, itzultzea eta zabaltzea; arauak ezartzea eta horien aplikazioa sustatzea eta gainbegiratzea; politika etikoak eta frogetan oinarritutakoak bultzatzea; laguntza teknikoa ematea, eta osasun egoera zaintzea eta osasunaren joerak ebaluatzea.