GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Euskara ibiltaria’ erakusketa Durangon egongo da ikusgai bihartik aurrera

‘Euskara ibiltaria’ erakusketa Durangon bisitatu ahal izango da bihartik aurrera. Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasetik abiatuta, euskararen aberastasuna modu didaktikoan aurkezten du ekimenak.

‘Euskara ibiltaria’ erakusketaren eduki didaktikoetako bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

‘Euskara ibiltaria’ erakusketa inauguratuko dute astearte honetan Durangon, Plateruenan. Arratsaldean izango da irekiera ekitaldia agintarien parte hartzearekin.

Euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakusten duen bildumaren inaugurazioa 18.00etan izango da. Bertan, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Alvaro Parro Laboral Kutxako Bizkaiko komunikazio arduradunak eta Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak parte hartuko dute.

‘Euskara ibiltaria’ erakusketa interaktiboaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta urteetan plazaratu diren argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna modu atsegin eta didaktikoan erakustea du helburu (lexikoa, izen morfologia, aditz morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.

Euskal Herriko hainbat puntutan ikusgai izan den erakusketaren inguruan hizkuntza baten atzean dauden emozioak, nortasuna... biltzen dituela azpimarratu izan da, baita ekimenak duen izaera didaktikoa ere. Aurkezpen gisa Euskaltzaindiak berak adierazi du «mintzamena pertsonok dugun ezaugarririk gizatiarrena den bezalaxe, hizkuntza bat herri baten nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa» dela.