08 MAY. 2024 Italian saritu berri duten Elhuyarren ‘Erresistente’ dokumentala Primeran plataforman dago ikusgai Italian saria jaso berri duen Elhuyarren ‘Erresistente’ dokumentala EITBren Primeran plataforman ikus daiteke jada. Mundu mailako osasun larrialdia aztertzeaz gain, egon daitezkeen konponbideak planteatzen ditu. ‘Erresistente’ dokumentala Primeran plataforman ikus daieke. (Elhuyar Fundazioa) GAUR8 Antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa erakusten duen Elhuyarren ‘Erresistente’ dokumentalak ohorezko aipamena jaso du Italiako Ponza Film Awards zine jaialdian. Gainera, dokumentala ikusgai dago jada EITBren Primeran plataforman. Elhuyarrek jakinarazi duenez, Italiako jaialdiaren ezaugarrietako bat da urteko sarituez gain hilero beste film batzuk aitortzea. ‘Erresistente’ otsaileko sarituetako bat izan da. Hilero eginiko aintzatespen horri esker, talentu berriak eta ideia berriak nabarmentzen ditu zinemaldiak. Gainera, jaialdiarekiko eta parte hartzen duten zinemagileekiko interesa bizirik mantentzen laguntzen du, eta babesa eta agerikotasuna ematen die zinemagileei urte osoan. Saria jasotzeaz gain, Elhuyarrek egin eta ekoitzitako ‘Erresistente’ dokumentala EITBren Primeran plataforman ikusteko aukera dago. Era horretara, dokumentalaren helburua beteko da: arazoa gizarteratzea. «Izan ere, superbakterioek osasun arazo larri bihurtuko dituzte gaixotasun infekziosoak. Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2050ean, superbakterioak mundu osoan egongo dira, eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituzte», azaldu dute Elhuyarretik. Adituen testigantzak ‘Erresistente’ dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi da. Dokumentalak planeta osoari eragiten dion arazoa mahai gainean jartzen du ikertzaile, mediku, albaitari eta medikuen testigantzen bitartez. Gaixotu eta osatu direnek ere badute ahotsa dokumentalean. Lanak edozeini gerta dakiokeela erakusten du, baina, era berean, arazoari aurre egiteko aukera badagoela. Bide horretatik, Estatu espainiarrean berria den tratamendu baten nondik norakoak ezagutzeko aukera ematen du, eta, horrekin batera, lehenengo pazienteetako baten bizipenak entzuten dira. «Infekzioa gainditzea lortu dutenen testigantzak hunkitu egingo gaitu, eta, aldi berean, bakterio erresistenteak areagotzearen ondorio larriak plazaratuko ditugu, eta horrek arazoari aurre egiten lagunduko digu, irtenbidearen zati bat guztion esku baitago», esan du zuzendariak dokumentalaren muina laburbiltzeko. Izaera eraikitzailea duen dokumentala da, egon daitezkeen konponbideak azaltzen ditu protagonisten bitartez, haiek izango baitira arazo larri honi aurre egin behar diotenak.