14 MAY. 2024 Bilboko ‘GreemGlam Moda Jasangarria’ programak baditu bi egitasmo irabazle Jostun eta sortzaile gazteei zuzenduta, Bilboko ‘GreenGlam Moda Jasangarria’ ekimenak bi proiektu irabazle izendatu ditu, sei hilabeteko epean garatu behar direnak. Berrikuntzaren eta joskintza tradizionalaren arteen bi erakusle dira. Bilboko programa sortzaile gazteei zuzenduta dago. (Bilboko Udala) GAUR8 Bilboko Udalaren ‘GreenGlam Moda Jasangarria’ programak bi proiektu irabazle ditu: Martin del Busto Ruiz eta Marta Reparazen ‘Guzedido’ eta Arantxa Esparza eta Juan Antonio Andraderen ‘Amerikanak egiteko prozesuaren ikerketa, dokumentazioa eta erregistroa artisau joskintzako teknikekin’. «Moda azkarrak» ingurumenean, gizartean eta ekonomian duen eraginari buruz sentsibilizatzea da ekimenaren helburu nagusietako bat, baina beste ardatz bi ditu deialdiak: gazteak «moda jasangarriaren» euskal sektorera hurbiltzea, eta ehungintzarentzat etorkizun etikoagoa eta orekatuagoa ahalbidetuko duten jarduerak babestea. Proiektu irabazleek sei hilabeteko epea izango dute orain ideiak gauzatzeko. Bokashi Estudioak eskainiko die banakako laguntza, mentoring-a, erreferentziak eta sektoreko profesionalekin harremenak lantzeko, eta 3.000na euro jasoko dituzte. ‘Guzedido’ proiektuak artea eta jasangarritasuna uztartzen ditu, iragan industriala material berriekin irudikatzeko. Martin del Busto Ruiz eta Marta Reparaz dira ehunezko eskultura pieza performatikoen sorkuntzaren buru, konbentzioei aurre eginez. Sorkuntza prozesuaren garrantzia nabarmentzen dute hainbat piezaz osatutako erakusketa batean: beroki handi-handiak, lanpara interaktiboak edo elastiko trinkotuak. La Perrera eraikinean egingo da erakusketa, ingurumen kontzientzia eta berrikuntza sustatuz. Joskintza tradizionala Bestalde, Arantxa Esparza Juan Antonio Andrade jostun erretiratuarekin elkarlanean ari da ‘Amerikanak egiteko prozesuaren ikerketa, dokumentazioa eta erregistroa artisau joskintzako teknikekin’ proiektuan, artisau joskintzaren prozesu tradizionala aztertu eta zaintzeko. Ikerlanak egun dagoen informazioa zabaldu eta egiaztatzen du, zehaztasuna eta konplexutasuna bermatuz. Kalitatezko ehunen erabilera da ardatzetako bat, batez ere artilea. Proiektuaren helburua da material horren balioa handitzea eta artisau joskintzaren benetakotasunari eustea, tradizioa eta berrikuntza teknologiko garaikideak bat eginez.