18 MAY. 2024 Gaur X urte Eider Rodriguez idazleak 47 urte bete ditu gaur Eider Rodriguez gaur egungo euskal literaturak duen luma interesgarrienetako da. Ahots propioa du, zehatza eta xehetasunez beteta, errealitatearen azpian dauden geruzak azaleratzen dituena. Gaur Errenterian jaio eta Hendaian bizi den idazleak 47 urte bete ditu. Eider Rodriguez, 111 Akademiaren saria jaso zuen egunean. (Jon URBE | FOKU) Amaia Ereñaga Eider Rodriguez Martin (Errenteria, 1977ko maiatzaren 18a) Publizitatean lizentziaduna eta lanbidez irakaslea da EHUko irakasleen unibertsitate eskolan. Kazetari lanetan aritua da artikulu ezberdinak argitaratuz, eta editore lanetan ibili da ere. ‘Eta handik gutxira gaur’ (Susa, 2004) narrazio liburua da argitaratu zuen lehen literatur lana. Gero ‘Haragia’ (2007, Susa), ‘Katu jendea’ (2010, Elkar eta Igartza saria) eta ‘Bihotz handiegia’ (2017, Susa) eta ‘Urtebetetze festa’ (Booktegi, 2018). 2018.ena urte erabakigarria izan zen bere ibilbidean, sariei dagokionez, bederen: urte horretan Euskadi Saria jaso zuen ‘Bihotz handiegia’ ipuin liburuagatik, baita ere Gipuzkoako editoreen Zilarrezko Euskadi saria, eta Haur eta Gazte literatura Euskadi Saria, Julen Ribas marrazkilariarekin batera, ‘Santa Familia’ komikiagatik. Narratiban batez ere ipuingintza landu duen arren, beste genero batzuk jorratu ditu ere: gidoigintza, kazetaritza, itzulpengintza –2006an, esaterako, Irene Nemirovskiren ‘Le bal’ euskaratu zuen (‘Dantzaldia’, Txalaparta) izenburupean–, haur literatura edo saiakera. Lehen saiakera ‘Itsasoa da bide bakarra: Joseba Sarrionandiaren lanetako itsas irudien irakurketa proposamen bat’ (2014, Utriusque Vasconiae), bere dotore tesia izan zena, eta bigarrena ‘Idazleen gorputzak’ (2019, Susa). 2021ean bere lehen eleberria argitaratu zuen, ‘Eraikuntzarako materiala’ (Susa), nobela zintzo, intimo eta, era berean, kronika soziala kontsidera daitekeena. «Literatura ez da mundutik ihes egiteko modu bat, munduan egoteko modu bat baizik», irakurri genion 111 Akademiaren saria irabazi zuenean. Urteetan alkoholak blaituta bizi izan den gizon baten eta haren alabaren arteko harremanaren gainean eraikia dago eleberria. NAIZi eskainitako elkarrizketan gehitu zuenez, «esan ezin nituenak trumilka atera zitzaizkidan, sentsazio organikoa zen». Periscopi eta Mondadori argitaletxeek kaleratu dute gaztelaniazko eta katalanez egindako nobela honen itzulpenak; hain zuzen ere, Gremi de Llibreters de Catalunyak ematen duen Premi Llibreter sarien finalista bihurtu dena. «Egitura zorrotz eta landuarekin, edertasun handiko literatura-ariketa da, eta, samurtasunez eta sentsibilitatez, distantzia jartzen du aitari maitasun-gutun bat idaztean», aipatzen dute editoreek.