19 MAY. 2024 Gaur X urte Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzaile eta koplari mitikoa, beti gogoan Orain 36 urte hil zen Maurizia Aldeiturriaga Zabala (Zeberio, 1904ko irailaren 22a - Artea, 1988ko maiatzaren 19a), XX. mendeko euskal musika herrikoiaren erreferente izan den emakumea. Emanaldietan «Aupa Maurizia!» botatzen zuen beti. Bere biografoaren arabera, oihu hura «ahalduntze ekintza bat» zen. ‘Maurizia, Leon eta Basilio’ diskoaren azala. (ELKAR) Amaia Ereñaga Euskal Herriko plaza askotako jaietan eta erromerietan ibili zen, XX. mendean zehar, Maurizia Aldeiturriaga. Berak panderoa jo eta kantak inprobisatu egiten zituen, kantatzeko zuen estilo berezian, eta trikitilari eta albokari batekin batera ibili zen jo eta fuego. Garai ilunak bizi zituen arren, ez zuen sekula bizipoza berezi hura galdu. Maurizia Aldeiturriaga 1904an jaio zen Zeberioko baserri batean, Arratian. Bertako fabrika batean lan egin zuen gaztetatik, baina igande arratsaldeak panderoarekin perfekzionatzen ematen zituen. Lanerako bidean, joan etorri hartan, koplak eta bertsoak asmatzen zituen. Gazte hasi zen inguruko herri eta auzoetako festetan panderoa jotzen, aitarekin batera. Aita errementaria zen. 17 urte zituenean ezagutu zuen baina plazetako lehen bikotea eta gero senarra izango zuena: Benantzio Bernaola, ‘Karakol’, trikitilaria. Benantzio Arteako baserri batekoa zen, eta anaiarekin lan egiten zuen. 1927an ezkondu ziren, eta Benantzioren etxera joan ziren bizitzera; senarrak Basauriko Vasconia lantegian lan egingo zuen; Mauriziak, baserriko lanetan. Eta asteburuetan, erromerietara. Baina 36an gerra iritsi zen. Benantzio, gudari; Mauriziak, 8 urteko semearekin eta aitaginarrebarekin, Santanderrera alde behar izan zuen frankistak iritsi zirenean. Benantziok Santoña eta Ourenseko kartzelak ezagutu zituen; Mauriziak, etxera itzultzean, baserria erabat suntsituta aurkitu zuen. Eta senarra askatu zutenean, galtzailea zenez, debekatu egin zioten Basauriko fabrikan lanera itzultzea. Urte zailak izan ziren bikotearentzat. Akordeoia eta panderoa hartuta, berriro ere hasi zen bikotea inguruko herrietako plazetara joaten. Han ezagutu zuten Bilbao albokari gaztea, Arteako bizilaguna hura ere, eta hirukote ospetsua osatu zuten. Halere, handik urte batzuetara, bihotzetik gaixo zegoenez, Benantziok akordeoia utzi behar izan zuen, eta haren ordez Bonifacio Aranda ‘Faxio’-k ordezkatu zuen trikitriarekin. Maurizia, Leon eta Faxio hirukotea are famatuago bihurtu zen, ez bakarrik Arratian edo Bizkaian, baizik eta Euskal Herri osoan. Faxio 1987an hil zenean, Basilio Undagoitiak ordezkatu zuen, baina zoritxarrez handik gutxira hil zen. Maurizia bera hil zen 1988ko maiatzaren 19an, baina azken egunera arte ez zion utzi kantatzeari eta panderoa jotzeari. 2006an, Agurtzane Intxaurraga antzerkigile eta idazleak ‘Maurizia Aldeiturriaga’ biografia argitaratu zuen Bidegileak bilduman. Intxaurraga Mauriziaren sendia da. Eta denbora guzti honetan Maurizia ez da ahaztua izan, erreferente bat bihurtu baita euskal musika eta sorkuntzarentzat. 2023an, Gentzane Martinez de Osabaren ‘Aire!’ dokumentala estreinatu zen Zinebin. Mauriziaren bizitzan oinarrituta, bidaia musikal kitzikagarria da. Hemen trailerra.