22 MAY. 2024 EHUko hiru ikasle nabarmendu dira Espainiako Osasun Ministerioaren ‘Adicciones: Tu punto de Mira’ lehiaketan Edurne Viguriak, Aroa Lizarazuk eta Naroa Otxoak herri-epaimahaiaren saria jaso dute Espainiako Osasun Ministerioak antolatzen duen ‘Adicciones: Tu punto de Mira’ lehiaketan, ‘Despierta’ mugikorrarekiko adikzioa jorratzen duen lanagatik. Edurne Viguria, Aroa Lizarazu eta Ismael Manterola, Leioan egindako sari banaketan (UPV/EHU) GAUR8 Edurne Viguria Cemborain, Aroa Lizarazu Nogales eta Naroa Otxoa Arnedo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko ikasleek herri-epaimahaiaren aipamena jaso dute Espainiako Osasun Ministerioak antolatzen duen ‘Adicciones: Tu punto de Mira’ bideo lehiaketan. Drogei buruzko Plan Nazionalerako finantzatuta, txapelketak adikzio jokabideen inguruan «gogoeta kritikoa» bultzatzea du helburu. ‘Despierta’ mugikorrarekiko gazteen mendekotasuna jorratzen duen hiru euskal ikasleen lanak herri-epaimahaiaren aipamena jaso du, 500 eurokoa. «Argi dago galdutako denbora eta mugikorrarekiko mendekotasun argia benetakoak direla, eta neurriak hartu behar dira, informazioa ematen eta argitzen hasita mugikorraren eta sare sozialen gehiegizko erabilera beste edozein droga edo adikzio bezain kaltegarria dela», adierazi dute egileek. ‘Adicciones: Tu punto de mira’ unibertsitateko ikasleei zuzendutako programa bat da, eta «droga-kontsumoaren ondoriozko arriskuei eta jokabide-adikzioei buruzko informazioa ematen» du, «hausnarketa kritikoko prozesuak eta autokontrolerako eta arriskuak mugatzeko estrategiak bultzatuz». «Ilusioa eta harrotasuna» erakutsi dute egileek herri-epaimahaiaren sariaren aurrean, eta «bideoak sortzen eta ikus-entzunezkoen munduan esperimentatzeko gogo handia» dutela adierazi dute.