GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Euskara Jendea’ dokumental sorta sarean dago ikusgai

‘Euskara Jendea’ dokumental sorta ikusgai dago sarean jada. Euskararen historiaren eta historiararen euskararen inguruko seriea osatzen duten sei kapituluak Youtuben, Zenbat Gara elkartearen kanalean eta euskarajendea.eus webgunean daude eskuragarri.

Sei atalez osatuta dago ‘Euskara Jendea’ dokumental sorta. (Zenbat Gara)

Orain arte DVD formatuan soilik zegoen ‘Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza’ dokumental sorta Youtube, Zenbat Gara elkartearen kanalean eta euskarajendea.eus webgunean dago eskuragarri.

Berrogei eta berrogeita hamar minutu arteko iraupena duten 50 minutuko sei atalek osatzen dute Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteek 2013an ekoitzitako lana. Izaera dibulgaitzailekoa, euskararen eta bere herriaren historia lantzen du. Berriki Primeran plataforman argitaratu zuen EITBk, eta orain Youtuben dago ikusgai, osorik.

Egitasmoaren abiapuntua Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’ irakasle, ikerlari eta dibulgatzaileak 2006an Pamielan argitaratutako izenburu bereko liburua da. Dokumentalekin ikus-entzunezko esparruan zegoen hutsunea bete nahi zuten sustatzaileek. Zenbat Gara elkarteak gogoratu du, halaber, ‘Bilbo Hiria’ irratiaren webgunean entzungai dagoela Xamarrek berak Xabier Monasteriorekin batera egindako irratsaioa.

Material didaktikoa

Sei DVDko sorta moduan merkaturatu zen ‘Euskara Jendea’, eta orain sarean ikusgai daude sei kapituluak: ‘Historiaren atarian’, ‘Erromako inperioan’, ‘Aniztasunaren bidean’, ‘Mugetan gaindi’, ‘Gerren arteko pizkundean’ eta ‘Mundua osatzen’. Dokumentalen osagarri gisa «material didaktikoa dago euskarajendea.eus webgunean, ikasle eta irakasleek ikastegietan kapitulu bakoitza lantzeko aproposak diren PDFekin».

Sustatzaileek nabarmendu dutenez, elkarlanean aritutako lantaldea dago ikus-entzunezkoaren muinean: Hibai Castro (ekoizpen, errealizazio eta filmaketa lanak), Mikel Arredondo (ekoizpen eta didaktika lanak), Adur Larrea (postprodukzio eta grafismo lanak), Lutxo Egia (gidoia eta harremanak), Lon Gorka Fernandez (soinu ingeniaria), Maria Uriarte (lokuzioak) eta Xamar (edukiak eta gidoia zehazten).

Dokumentalen ikuskeraren inguruan gogoratu du Zenbat Gara elkarteak lanak «euskara jatorri misteriotsuko hizkuntza zahar eta zaharkitu moduan aurkezten zigun ikuspegia bultzatu duten hainbat aurreiritzi historiko gezurtatu eta hizkuntza bera hiztunon komunitatearen bilakaerarekin erabat loturik azaltzen» dutela.