30 MAY. 2024 Ariketa fisiko gainbegiratuak zaintzaileen ongizatea hobetzen duela frogatu du ikerketa batek EHUko Ageing On ikerketa taldeak adineko pertsonen zaintzaile profesionalekin egindako azterlan batek ariketa fisiko gainbegiratuak kolektibo horren osasun fisikoan eta psikologikoan dituen onurak frogatu ditu. Ezkerrretik, Jon Irakusta, Ander Esìn era Ana Rodriguez ikertzaileak. (Fernando CASABELLA | EHU) GAUR8 EHUko Ageing On ikerketa-taldeko kideek pertsona nagusien zaintzaile profesionalekin egin duen azterlan batek agerian utzi du ariketa fisikoa era jarraituan egiteak min lunbarra gutxitu eta onura psikoafektiboak ere eragiten dituela. Programaren berri eman du EHUk ohar batean. Gogoratu du zein den pertsonen zaintzaileen profil orokorra: «batez ere adin ertain eta nagusiko emakumezkoa, langile klasekoa, min lunbarraren prebalentzia oso altua duena, eta harekin lotura duten zenbait arazo psikoafektibo ere izan ditzakeena», eta horren ondorioz, «bizi-kalitate okerragoa izan dezakeena». Ageing On taldean pertsona nagusien funtzionaltasuna mantentzeko ariketa programak garatzen dituzte, «baina konturatu ginen bazegoela beste kolektibo bat, pertsona nagusien zaintzaileena, ariketa fisiko indibidualizatuaren onurez baliatu zitekeena», esan du Ana Rodriguez Larrad ikertzaileak. Kolektibo horretan min lunbarrek duten prebalentzia altua eta haien ongizatean duten eragin negatiboa kontua hartzeaz gain, ongizatearekin lotutako aldagaiak identifikatu eta horietan eragiteko esku-hartzeak diseinatu era ebaluatu dituzte zenbait urtez. Izan ere, 200 zaintzailetik gora aztertu zituztela «zer arazo zeukaten ikusteko, non eragin genezakeen, zer izan zitekeen eraginkorra eta zer ez...». Azterketaren ostean, min lunbarra arintzeko programa probatu dute sei erakundetako langileekin. «Hamabi astez aritu dira taldean eta lantokian gorputz-pisua eta goma elastikoak erabiliz indar-ariketa errazak egiten, langile bakoitzaren neurrira eta intentsitate moderatuan entrenatzen era progresibo batean», adierazi du Ander Espin Elorza ikertzaileak. Programa amaitutakoan ikusi dute langileen min lunbarra murriztu, eta programa osatu ez dutenen artean ere, planifikatutako saioen erdia eginda, hobekuntzak ondorioztatu dituzte arlo fisikoan eta psikoafektiboan. «Depresio-arriskua jaitsi da, sendagai hipnotiko eta antsiolitikoen erabilera murriztu da, eta bizi-kalitatea hobetu», argitu du Rodriguezek. ‘Online’ egiteko tresna Ikerketa beraren barruan langileen egoera fisikoaren balorazioa ‘online’ egiteko tresna garatu dute, baita ariketa programan bideokonferentzia bidez egiteko sistema ere. Ikerketa pandemiaren testuinguruan egin zuten, eta nabarmendu dute Internet bidezko saioek hainbat abantaila izan ditzaketela, ekonomikoa, esaterako. Horrelako programak, gainera, «beste zaintzaile-mota batzuetara ere heda daitezke, adibidez, zaintza informalaz arduratzen diren pertsonetara: bai eta mingarriak diren beste zonalde batzuetara ere: sorbalda, eskumuturrak...», aipatu du Rodriguezek.