GAUR8 - mila leiho zabalik

Frankismoaren barnetegi bat Abadiñon

Auxilio Social erakunde falangistak barnetegi bat zabaldu zuen Abadiñon frankismoaren hastapenetan. Marta Calvoren ikerlan batek azaleratu du istorioa eta lehen galdera bat sortu da: nortzuk ziren haur haiek, umezurtzak ziren?

Este navegador no soporta el elemento video.


Gerediaga Elkarteak antolatzen duen Ikertzaile Gazteak sariketaren azken edizioan eskualdean laino artean dagoen istorio baten memoria azaleratu du. Frankismoaren hastapenetan, Auxilio Social erakunde falangistak barnetegi bat zabaldu zuen Abadiñon. Marta Calvo Larralde ikertzaile durangarrarekin egin du bidaia GAUR8k urte haietara, barnetegi horiek nolako egoitzak ziren eta batez ere bertan egon ziren haur haien arrastorik dagoen jakiteko.

Hiru eta zapi urte arteko umeak zeuden han, bost urtez gehienez, 1939. eta 1951. urteen artean, baina ez dago haien inguruko beste informazio zehatzik. Dakigun apurra Abadiñokoa bezalako beste zentro batzuen funtzionamenduaren gainean egindako ikerketengatik dakigu, eta zalantzazkoa da umezurtzak izatea.

«Umezurtza, haur abandonatua... bezalako hitzak erabiltzen dituzte, baina baliteke gerrako umeak, presoen seme-alabak...» izatea, azaldu du Calvok. Erantsi duenez, ezaguna da erregimen frankistak «‘gorrien’ seme-alabak aktiboki bilatu zituela euren adoktrinamendua kudeatzeko, ebanjelizazioa eta abar».

Auxilio Social erakundearen propaganda eta historialariek eta beste ikertzaile batzuek egindako lanak daude azterlanaren oinarrian, egoitza hura izan zenera hurbiltzeko.

Barnetegia hartu zuen eraikina geratzen da herrian, baina beste aztarnarik ez dago. Herritarren artean gordetako memorian sakontzea falta da orain, eta bide horretatik jarraituko du ikerketak, Calvok aurreratutakoaren arabera. Herrian geratu den oroimenez, zehaztu du belaunaldi gazteagoek ez dutela horren berririk, eta «igual nagusiagoek bai, baina ez dakit zergatik hor geratu da, ez da gehiegi komentatu edo ez da horretan sakondu. Nagusiek entzuna dute, gazteek ez hainbeste».

GAUR8ren hurrengo alean, ikertzaile gaztearekin izandako solasaldia xehe aletuko dugu.