04 JUN. 2024 «Etorkizun bizigarriak irudikatzen», Utopia Lehiaketa Literarioak botatako erronka Utopia Lehiaketa Literarioaren bidez etorkizun bizigarriak irudikatzera deitu du Sukar Horia kolektiboak. Krisi guztiek bezala larrialdi ekologikoak irekitzen dituen aukeretan jarri nahi dute fokua. Lanak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 15era arte. Etorkizuna marrazteko ikuskera utopikoak bilatzen ditu literatur lehiaketak. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Uda osoa dute aurretik etorkizun bizigarriak marraztu eta literatura lan batean islatzeko prest dauden ameslariak. Erronka Sukar Horia talde ekologistak bota du, eta inspiratzeko zenbait ideia plazaratu du. Lanak aurkezteko epea irailaren 15ean itxiko da.«Azkenaldian agertzen ari den ideia bat da: oso erraz irudikatzen dugu gaur egun distopia; utopia, aldiz, nekez», adierazi du kolektiboak. Literatur lehiaketa ardatz tematiko horren inguruan murgilduko da, utopia landuz.«Lehorteak, uholdeak, tenperatura-igoera, gaixotasun berriak… bolo-bolo dabiltza gure gogoan krisi ekologikoa aipatzean, inpultsiboki kontsumitzen ditugun telesail zein filmetan, eta zaila zaigu imajinatzea arrakala berri honek, krisi orok aurretik egin bezala, irekitzen dizkigun ateak: harremantzeko modu ekofeministak, baliabideen kolektibizazioa, trantsizio energetiko justua…», planteatu dute lehiaketak bilatzen duen tonu positiboa azpimarratzeko. Krisialdi guztiek eskaintzen dituzten aukera horiek inspirazio iturri hartuta, etorkizun bizigarriak irudikatzea da proposamena. Lehiaketaren oinarrietan zehaztu dute lanek zer deskribatu behar duten: «etorkizunean bizitza egun baino bizigarriago egiten duten egoerak, edozein dela ere bizitza arloa».Doinu utopikoko lanak«Bilbo bezalako hiri baten funtzionamendua izan daiteke, udalerri txiki batekoa, pertsonen arteko harreman berriak irudikatzen dituena, gizaki eta animalia-landareen artekoak, baliabide materialak ustiatzeko modu berriak… egungo proiektu txiki bat gizarte osora nola zabaldu den deskribatu daiteke, edo krisi egoera bat zirudiena nola irauli den, adibidez», erantsi dute lehiaketak bilatzen dituen lanen edukiez. Nabarmendu dutenez, «ezagutzen ditugun distopiak (zonbiak, kasu) nola eraiki diren pentsatzeak lagundu ahal digu, baina alderantziz. Ebaluazio-irizpide nagusia doinu utopikoa mantentzea izango da, hau da, tonu positiboa. Horretan datza ariketa honen erronkarik handiena: distopiaren kalezulotik ihes egitean utopiaren bidezidorretan murgiltzeko».Lanek gehienez bost orrialde izan behar dituzte, eta hiru modalitatetan sailkatuko dira: literatur sorkuntza lanak, gazteen lanak eta itzulpenak. Azken atal honetaz, beste hizkuntza batetik euskarara ekarritako testuak izan daitezkeela zehaztu dute.Literatur sorkuntza eta itzulpen modalitateko lanik onenei 300na euro emango zaizkie, eta 150 euro gazteen modalitatekoari «gazteek beste bi modalitateetara aurkezteko aukera dute eta».Sukar Horiak hurrengo hilabeteetan antolatutako ekimenetako bat baino ez da lieratur lehiaketa. Momentuz, besterik aurreratu ez badute ere, sare sozialetara adi egoteko deia egin dute, hainbat ekintza aurreikusi baitute.