04 JUN. 2024 Marrazketa naturaleko tailerreko lanak ikusgai jarri ditu EHUk Donostian Marrazketa naturalari buruzko tailerraren emaitza diren lanen bilduma ikusgai dago Donostian, EHUko Carlos Santa Maria zentroan, ekainaren 27ra arte. Ikasleek eta langileek hartu dute parte giza irudiaren marrazketa naturalaren oinarriak landu dituen ekimen horretan. Marrazketa tailerreko lanen erakusketa EHUko Carlos Santa Maria zentroko Txillardegi aretoan egongo da hilaren 27ra arte. (UPV/EHU) GAUR8 Ekainaren 27ra arte ‘Marrazketa naturalari buruzko tailerra’ izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campusean. Ikusgai dagoen bilduma marrazki naturaleko tailerreko ikasleek egindako lanek osatzen dute, eta horien artean marrazkiak eta zirriborroak daude. EHUko langileek eta ikasleek hartu dute parte tailer horretan. Orain, ekimenaren emaitza izan diren lanekin EHU Kultura Gipuzkoak erakusketa antolatu du, Gipuzkoako Artisten Elkartearen laguntzarekin. Tailerrean jarraitutako prozedura azaldu du EHUk ohar batean. Zehaztu duenez, laneko errutina ordu erdiko teoria edo beroketa izan da, ariketa batzuen bidez. Horren ondoren, askotariko modeloen posatuak izan dira, «betiere 30 eta 60 minutu arteko denbora mugatuarekin», eta «denbora horretan, marrazki horien kontzentrazioa eta arintasuna saritu» direla zehaztu dute. «Giza irudian egindako marrazketa naturalaren oinarriak landu» dira izaera teoriko-praktikoa izan duen tailer horretan, «proportzioak eta teknika desberdinak aholkatzen, xehetasunak gehitzen edo konposizioetan itzalak eta argiak definitzen». Arauzko ikasketen ondoan, ikasle bakoitzak aukera izan du estilo propioa garatzen hasteko, adierazi du Aitor Alvarez irakasleak. Erakusketa Donostian dago ikusgai, EHUko Carlos Santa Maria zentroko Txillardegi aretoan. Sarrera librea da, eta ordutegia 8.30an abiatzen da, 20.30era arte.