GAUR8 - mila leiho zabalik

Orioko hitz eta esamoldeak bildu eta gazteen artean zabaldu nahi dituzte

Udalak egindako beka-deialdi bati erantzunez, Aritz Pardina oriotarrak herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatzeko proiektuari heldu dio. Larunbatean argitaratuko ditugu proiektuaren xehetasun guztiak erreportaje zabal batean.

Este navegador no soporta el elemento video.


Orioko Udalak bertako hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta hedatzeko beka-deialdia egin zuen berriki. Bekaren iraupena sei hilabetekoa da eta zenbatekoa, 3.000 eurokoa. Tokiko hizkera dokumentatzea lan ohikoa izaten da, baina Orioko kasuak badu berritasun bat, helburu nagusia gazteen artean hizkera horren erabilera bultzatzea baita.

«Orioko Udalak beka-deialdi publiko bat atera zuela ikusi nuen. Ordurako musika klaseak ematen ari nintzen eta hasieran ez nuen pauso hori egin, lan handiegia izan zitekeelakoan. Baina gero iruditu zitzaidan lan interesgarria zela eta norbaitek egin behar zuela. Esan zidaten ez zela mugimendu handirik izan bekari heltzeko eta urratsa egitea erabaki nuen», aipatu digu Aritz Pardinak beka eskatzeko erabakia nola hartu zuen galdetu diogunean.

Eta oraingoz ez da damutu, lan honek lehendik ere ezagutzen zuen hizkera bat beste begi batzuekin begiratzeko aukera eskaini diolako. «Aurreneko aldiz kanpoko ikuspuntu bat edukitzea tokatu zait. Ni oriotarra izanda betidanik entzun izan ditut hitz horietako asko eta ez nuen berezitasun hori nabaritzen. Baina kanpotik begira jarrita esaten duzu ‘hau berezia da’. ‘Biñipin’ behinik behin esateko, ‘belakon’ berehalakoan esateko... Horrelako asko. Eta gero beste asko, arrantzari lotutakoak. Nik aitonari asko entzuten nizkion: beita egin, ‘aparejua’, ‘kañabera’... Ezagutzen nituen, baina orain beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera izan dut».

Larunbatean argitaratuko den erreportajean Pardinak bildu dituen beste hainbat hitz eta esamolderen adibideak ere jaso ditugu.