07 JUN. 2024 Gaur X urte Manex Pagola kantagintzako erreferentea hil zen 2015ean Kantagintzako euskal erreferenteetako bat da Manex Pagola baxenafartarra. Duela bederatzi urte hil zen gaur bezalako egun batez. Baionako Euskal Museoko karguduna izan zen, baita Seaskaren eta Enbataren sortzaileetako bat ere. Manex Pagola abeslari eta idazlea. (Isabelle Miquelestorena) GAUR8 Ezagunak dira ‘Urtxintxak’, ‘Kanta aberria’ ‘Azken dantza’ edota ‘Askatasuna’ abestiak Euskal Herriaren luze zabalean. Gehienek Pantxoa eta Peioren ahotsean eta beraien bitartez ezagutuko dituzte, baina kantu horien atzean beste abeslari eta idazle baxenafartar bat dago: Manex Pagola. 2018an hil zen, gaur bezalako egun batez katagintzaren erreferente izandako baxenafartarra. Landibarren sortu zen, Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea zen eta Baionako Euskal Museoko kargudun ohia. Seaskaren eta Enbataren sortzaileetako bat. Bere alor musikariari begiratuz gero, behin baino gehiagotan kontatu izan zuen elizan piztu zitzaiola musikarekiko zaletasuna, eta 120 kantu baino gehiago egin bazituen ere, bi disko bakarrik grabatu zituen bakarka. Izan ere, bere kantuek besteek abestuta harrera ona zutela ikusita, kantatzeari uztea erabaki zuen, baina idazten jarraitu zuen. Musikaz gain, herrigintzan, mugimendu abertzalean eta euskalgintzan ere lan handia egin zuen Pagolak; ‘Manex Pagola, bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015)’ liburuan aurki daitezke zenbait nondik norako. Konpromiso soziala eta kulturarekikoa uztartu ohi zituen: «Ez gara beti zeruari begira egoten ahal, eta gai sozialak biziki inportanteak dira». Bere beste kezketako bat Euskal Herria «amerikandua» bihurtzen ari denarena zen, eta horregatik ahalegintzen omen zen bere kantuetan Euskal Herria euskaldunaren aldarri egiten. Kazeta.eus atarian egindako elkarrizketa batean kontatu zuen bere kantuetako bat aukeratu behar izanez gero ‘Askatasuna’ kantua hautatuko lukela: «Niretzat hori da kantuen egiteko gutizia eta indarra eman didana, askatasunari buruz ari gara denak, preziorik ez duen bertutea dela, eta horrekin gauza anitz egin daitekeela. Lehen arnasa uste dut askatasunarena dela, baina lotu behar zaio zuzentasunari».