11 JUN. 2024 Zementua eta hormigoia ekoiztearen ingurumen inpaktua murrizteko proiektua, EHUko ikertzaileen parte hartzearekin Hodei Manzano EHUko ikertzaileak ‘Contrabass’ proiektua koordinatuko du, zementua eta hormigoiaren ekoizpenaren ingurumen inpaktua murriztera begirako egitasmo europearra. Sortzen den CO2 atzeman eta zementu berriak garatzeko lehengai gisa erabiltzean datzan teknologia ikertuko dute. Hegoi Manzano eta Aden Rana EHUko ikertzaileak. (Fernando CASABELLA | UPV/EHU) GAUR8 Hodei Manzano Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak Europako ikerketa bat koordinatuko du, zementuaren eta hormigoiaren ekoizpenean CO2 isuriak murrizteko, kaltzio karbonatozko material berriak erabiliz, Portland tradizionalaren ordez. Manzanok, EHUko Fisika saileko ikertzaileak, zuzenduko du eraikuntza-material horien inguruko proiektu hau. Ekimena sortu berria den Europako doktorego-sare baten bidez garatuko da, jakinarazi du euskal unibertsitate publikoak ohar batean. Partzuergoa Europako zortzi herrialdetako hamar unibertsitatek, bost bazkide akademiko osagarrik (horien artean Estatu espainoleko CSIC) eta bost industria-bazkidek osatzen dute, eta horien artean daude Europako zementu-konpainiak (HOLCIM, Heidelberg, TITAN) eta eraikuntzarako gehigarri-enpresak (SIKA eta Chryso). Manzanok azaldu duenez, «parte hartu duten 10 unibertsitateetako bakoitzak doktoregaia kontratatzeko eta ikerketaren gastuak ordaintzeko finantzaketa jasotzen du». Prozesuaren barruan, «doktoregaiek arazo beraren hainbat alderdiri buruzko tesia egingo dute, eta jarduera akademikoak partekatuko dituzte, baita truke-egonaldiak ere zentroetan eta enpresetan, beren prestakuntza hobetzeko», adierazi du irakasleak. ‘Contrabass’ (‘zero-co2 cement through carbonation of calcium silicates and aluminates’) izeneko proiektuak kaltzio karbonatozko zementu berrietan dauden fisika eta kimikaren alderdietan sakonduko du. Finantzaketaren zenbatekoa 2.171.340 eurokoa da; horietatik EHUk 251.971 euro jasoko ditu eta EBko Horizonte Europa Ikerketa eta Berrikuntza Programatik aterako da, Marie Sklodowska-Curie (MSCA) ekintzen esparruan. CO2a harrapatu eta lehengai gisa erabili Kalkuluen arabera, urtean 4 bilioi tona Portland zementu ekoizten dira, eta kilo bakoitzak beste kilogramo bat CO2 isurtzea dakar, gutxi gorabehera. Zementuaren ekoizpenaren ingurumen-inpaktua arintzeko teknologietako bat CO2 hori atzeman eta lehengai gisa erabiltzean oinarritzen da, zementu jasangarriagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak garatzeko. Ikertzaileak azaldu duenez, ‘Contrabass’-en helburua da «kaltzio karbonatozko zementu berri horien hidratazio prozesua ulertzea, Portland zementuarekin alderatuta dituzten desberdintasunak ulertzea eta materialaren propietateak optimizatzeko moduak bilatzea». EHUn, Aden Rana frantsesa da doktorego-tesia proiektu honetan garatuko duen doktoregaia. Ikertzaile honek Matematika eta Fisika lizentziatura bikoitza du Paris Est Créteil Unibertsitatean (2018-2021), eta bere lana EHUn kaltzio karbonatoaren nukleazio eta hazkuntza prozesuen eskala atomikoko modelizazioan zentratuko du.