14 JUN. 2024 Gaur X urte Jabier Salutregi ‘Egin’ egunkariko azken zuzendaria hil zela urtebete Jabier Salutregi Mentxaka, ‘Egin’ egunkariko azken zuzendaria duela ia 26 urte itxi aurretik, hil egin zen 2023 ekainaren 14an. «Ahotsik gabekoei» ahotsa ematen zien kazetaria eta adierazpen askatasunaren ikono bihurtu zen abertzalea, kartzelarekin ordaindu zuen bere konpromisoa. Salutregi, Ean 2015ean, espetxetik irtetean, egin zioten omenaldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Jabier Salutregi Mentxaka 2023ko ekainaren 14an hil zen. ‘Egin’ egunkariko zuzendaria izan zen 1992tik 1998ko uztailaren 15era arte. Hain justu, Baltasar Garzonen aginduz, poliziak egunkaria itxi zuen arte. ‘Salu’ 1977an ‘Egin’-en sorreran parte hartu zuen kazetarietako bat izan zen. 1992an zuzendaritzan sartu zen eta egunkariaren diseinua eta kontzeptua berritzeko proiektu bizia bultzatu zuen. Itxieraren aurreko garaian, hedabidea kriminalizatzeko kanpaina handi bati aurre egin behar izan zion. «Inork uste al zuen ez ginela ausartuko?» esaldiarekin aldarrikatu zuen Jose Maria Aznar Espainiako orduko presidenteak egunkariaren itxiera. Baltasar Garzonek eman zuen epaitegiko agindua, baina urrats hura Estatu osoaren operazio bat izan zen, “dena da ETA” lelopean. Itxieraren ostean, egun bakar batean ‘Euskadi Información’ sortu izanak erakutsi zuen muturreko egoeretan zer egin daitekeen ideiak argi daudenean. Salutregik ‘Euskadi Información’ egunkariaren zazpi zenbaki baino ez zituen kalean irakurri. Hainbatetan adierazi zuen bezala, kartzelaldi haren markak ez zituen sekula ahaztu Salutregik. 2015ean atera zen Burgoseko espetxetik, zazpi urtez kartzelan egon ondoren, beti Euskal Herritik kanpo: Alcala, Soto del Real, Valentzia eta Burgos. Garai hartan, Europan egunkari bat zuzentzeagatik preso zegoen bakarra zen.