17 JUN. 2024 ‘Euskararen Lorategia’ erakusketa birtuala du ikusgai Bilboko Euskararen Etxeak Gazteek jardun artistikoaren bidez islatu dituzten gogoetak euskararen askotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan erakusketa forma hartu dute. ‘Euskararen Lorategia’ Euskararen Etxearen webgunean dago ikusgai. Euskararen Etxearen Eskola Programan sortu eta ‘Euskararen Lorategia’ erakusketaren lanetako bat, irudian. (Euskararen Etxea) GAUR8 Bilboko Euskararen Etxeak ‘Euskararen Lorategia’ erakusketa birtuala jarri du martxan. Euskararen Interpretazio Zentroak eskaintzen duen eskola programan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collageekin osatutako erakusketa «koloretsu eta irudimentsua» da, eta sarean ikus daiteke, www.euskararenetxea.eus/lorategia helbidean. Euskararen Etxeko arduradunek jakinarazi dutenez, eskola programan Euskararen Interpretazio Zentroko edukiak lantzen dira, eta edukiok ikasmaila ezberdinetara egokitzen dira. Hain zuzen, ‘Euskararen Lorategia’ DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleekin jorratzen den jarduera da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabe daitezen eta euskararekiko duten harremanari buruz gogoeta egin dezaten. Horretarako, haien sormena garatzen dute collage teknikaren bitartez. Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi ezagun batetik abiatzen da erakusketa: «Lorategi batean dauden hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu (euskaldunok) gara beste landare bat edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du». Bada, Barandiaranen hitz horiek oinarri hartuta, ikasleek euskararen askotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan hausnartu dute, jardun artistikoaren bitartez. Emaitza askotariko landare eta loreekin osatutako lilitegi koloretsua da, «harrigarria eduki zein estetika aldetik», sormenaz gain, gazteek euskararekiko dituzten askotariko jarrerak eta aburuak ere irudikatzeko aukera izan dute. «Interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteak askatasun osoz aritu baitira euskararekiko dituzten kezkak azaltzen. Horrekin batera, balio artistikoa ere nabarmena da. Ondorioz, ziur gaude bisitariek lorategi honetako lilien usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, baina, era berean, gazteen gaitasun eta kezkez ere ohartuko dira bisitariak, euskara eta gazteak uste baino lotuago baitaude», azaldu dute Euskararen Etxetik.