GAUR8 - mila leiho zabalik

Hirukide Andoainen egongo da ostegunean, familia ugariei arreta eskaini eta laguntzen berri emateko

Hirukidek familia ugariei zuzendutako topaketa egingo du ostegunean Andoainen, eskubideen eta haiei zuzendutako laguntzen berri emateko. Informazio saioa egingo du arratsaldean, baina arreta pertsonalizatua ere eskainiko du.

Gurasoak haur txikiekin ikastetxe baten sarreran, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAEko Familia Ugarien Federazioak, Hirukidek, familia ugariei arreta eskaini eta laguntzen berri emateko batzarra egingo du ostegunean (hilak 20) Andoainen.

Informazio saioa arratsaldeko seietan izango da Urigain etxean. Hirukidek, halaber, aurkezpenera joan ezin diren edo arreta pertsonalizatua jaso nahi duten pertsona guztiak artatuko ditu leku berean egunean zehar, 9.30etik 14.00etara eta 15.30etik 17.30era.

Interesdunek hitzordua erreserbatu ahal izango dute aldez aurretik, eta lehentasuna izango dute arreta jasotzeko orduan, baina ez da ezinbestekoa erreserba egitea.

Aurkezpenean eta jardunaldiaren gainerako puntuetan, erakundearen zerbitzu eta jardueren berri emango da, baita EAEn eta udalerrian familia ugarientzat dauden eskubide, laguntza eta hobari publikoen berri ere, eta familiek helarazitako zalantza, iradokizun eta erreklamazioei erantzungo zaie.

Berrikuntzak azaldu

Aurkezpenaren barruan, azken urteotan kolektibo horrentzat izan diren berrikuntzak azalduko dira, hala nola ekainaren 30era arte luzatu den Gizarte Bonu elektriko eta termikoa, zeinak %25etik %65era bitarteko hobaria eskaintzen duen kolektibo kalteberentzat eta %40tik %80ra bitartekoa kaltebera larrientzat.

Gainera, beste abantaila bat da aurten ere NANa edo pasaportea eskuratuko duten familia ugariko kideek doan eskuratu ahal izango dutela, eta ez dutela agiri ofizial horiek emateko tasarik ordaindu beharrik izango.

2015ean indarrean jarri zen familia ugariaren legezko izaera zabaltzea, eta, horren arabera, familiek tituluari eusten diote seme-alabetako adingabeak legez ezarritako adina bete arte (21 edo 26, urte ikasketekin edo formazioarekin jarraitzen badu).