GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUko Polymat institutuak 25 urte bete ditu, «material polimerikoen arloan erreferente izanik»

EHUko Polymar Material Polimerikoen Unibertsitate Institutuak 25 urte bete ditu. Ospakizun horren harira, polimeroen ikerketak hainbat arlotan duen garrantzia nabarmendu dute.

Polymaten 25. urteurrena ospatu zuten asteazkenean Donostian. (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Polymat Material Polimerikoen Unibertsitate Institutuak 25 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten Donostian pasa den asteazkenean.

Urteurrenaren harira, EHUko iturriek nabarmendu dute «bizitza modernoari forma eman dioten produktu askotan» daudela polimeroak, «hala nola pintura, itsasgarri, plastiko, inplante medikoak, sendagaien estalki edo eguzki plaketan».

Etorkizunera begira, gainera, «beste material batzuk ordezkatzen jarraituko dute ezarritako aplikazioetan», eta «funtzio garrantzitsua izango dute XXI. mendeko erronketako batzuei heltzeko beharko diren teknologien garapenean (adibidez, energia, osasun arreta eta jasangarritasuna)», azaldu du Maria Paulis Lumbreras Polymateko zuzendariak.

Ikerketaren tranferentzia

Eva Ferreira EHUko errektorearen esanetan, Polymat institutua «adibide bikaina» da «prestakuntza eta ikerketa proiektu bat gizarteari transferentziaren bidez nola proiektatzen zaion erakusteko». Azpimarratu du, gainera, «aliantza sendoa» ezarri duela «administrazio publikoekin eta enpresekin».

Proiektua 1999an jarri zen abian, EHUko Fakultateko Juan J. Iruin eta Jose M. Asua irakasleek sustatuta. Helburua zen inguruko enpresek polimeroen arloan dagoen ikerketa eskasari erantzutea. Azaldu dutenez, material eta teknologia berrien garapena izan da Polymat-en funtsezko zeregina, material polimerikoen arloko zientzian eta prestakuntza aurreratuan «erreferente» bat izatera helduz.

Euskal Herriko mugetatik haratago, ‘Liaison Program’ abiatu zen 2021ean, uretan sakabanatutako polimeroen arloan interes orokorreko doktorego tesiak finantzatzen dituzten enpresa bazkideen programa, eta Lakuako Gobernuak bultzatuta, epe luzeko ikerketa eta industriekiko interakzioak jorratzeko helburuz ikergune berria sortu zen 2021ean: Basque Center for Macromolecular Design and Engineering, Polymat Fundazioa.

Nabarmendu dutenez, «polimeroen arloko ikerketa izugarri sendotu zen helburu osagarriak zituzten bi ikergunerekin: institutua bera eta epe luzerako ezagutza garatzen duen BERC izenekoa. Zehaztu dutenez, biak elkarrekin doaz eta irudi bakarra erakusten dute nazioartean: ‘Polymat, Unibersity of the Basque Country UPV/EHU’izenez ezaguna.