09 JUL. 2024 Larraulen hasi dira Bertso Udalekuak, 12-13 urteko gaztetxoen txandarekin Larraulen hasi berri dira 2024ko Bertso Udalekuak, Uitzin bukatuko den ibilaldi bat abiatuz. Guztira, 159 gaztek eta 34 hezitzailek hartuko dute parte, afalosteko giroan bertsolari ezagunekin bertsotan aritzeko une paregabe horiek barne. Irudian, Bertso Udalekuak Larraulen. (Bertsozale Elkartea) GAUR8 Aste honetan hasi dira 2024ko Bertso Udalekuak, Larraulen. Uztaila bukaera arte bertsozale gazteek txandaz txanda osatzen joango den ibilbidea egingo dute, Bidarrain (Nafarroa Beherea), Zuhatzan (Araba) eta Uitzin (Nafarroa). Euskal Herriko herrialde guztietako 159 gaztetxok eta 34 hezitzailek hartuko dute parte 26. edizioa duten Bertso Udalekuetan, Bertsozale Elkarteak azaldu duenez. Parte hartzen duten gaztetxoen %80 bertso eskola bateko kideak dira, «eta behin Zuhatzan Bertso Udalekuak lehen aldiz probatuta, ondorengo txandetan partaideen %75 dira Bertso Udalekuetara etortzea berriz hautatu dutenak». Adinaren arabera antolatuta, 9-18 urte bitarteko nerabe eta gazteak elkartuko dira uztailean zehar talde desberdinetan. 12-13 urte bitarteko gazteen egonaldia izango da lehena, aste honetan Larraulen egiten ari direna. Bigarren txanda uztailaren 15ean hasi eta 24an bukatuko da, eta 16-18 urteko gazteak elkartuko dira Bidarrain. Zuhatzan elkartuko dira 9-11 urtekoak, uztailaren 24tik 28ra, eta Bertso Udalekuen azken txanda Uitzin izango da, 14-15 urtekoentzat, uztailaren 25etik 31ra. Egonaldi guztietan bertsolariak izango dira bisitan, gaztetxoekin jolastu eta bertsotan aritzeko afalosteko giroan. Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen, Lakuako Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizar konpainiaren laguntzarekin.