GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

81 urte beteko lituzke gaur Maite Idirin abeslariak

81 urte dira Maite Idirin abeslaria jaio zenetik. Euskarara ekarri zituen Atahualpa Yupankiren kantuak eta horrek egin zuen ezagun. Aipatzekoa da, halaber, GARAn eta INFO7n kolaboratzaile aritu zela.

Idirin, 2014an. (Sylvain SENCRISTO)

Maite Idirin abeslari ezagunaren urtebetetze eguna izango litzateke gaur, 81.a, hain zuzen ere. Ugaon jaio zen, Angelun bizi izan bazen ere. Bertan hil zen aurtengo urtarrilean. Ezaguna izan zen abeslari gisa egindako ekarpenagatik, baina GARAn eta INFO7 irratian ere aritu izan zen kolaboratzaile bezala.

1968an Atahualpa Yupanki euskaraz kaleratu zuen, eta ondoren zuzeneko emanaldi ugari eskaini zituen. Milaka jenderen aurrean kantatu zuen, baita diskoak argitaratu ere, baina haietako asko biniloan argitaratu zituen: ‘4 canciones de Atahualpa Yupanqui’, Paulo Iztueta eta Gabriel Arestik itzulita, ‘P. Iztuetaren lau poema’, ‘E. Mendizabal eta J. Apalategiren lau poema’, ‘B. Detxepareren lau poema’ edo ‘Ahizpatasuna’ kasu. Aipagarria da azken hau, terminoa erabiltzen aitzindarietako bat izan zelako euskaraz.

Halere, 1968tik 1975era artean argitaratu zituen biniloak ez ziren jende askoren eskuetara iritsi, zentsura politikoa zegoen Hego Euskal Herrian, eta bukaerara iristen bazegoen ere, frankismoa gori-gorian zen oraindik.

Idirinen kantuek eragin latinoamerikarra zuten, musika eta poesia elkarrekin uztartuz «pobreenen aurka egindako bidegabekeriak eta euskal kultura espezifikoaren alde lanean zebiltzanen aurka egiten ziren desmasiak salatzeko».

2014an, ‘ohorezko euskaltzain’ izendatu zuten Idirin beste 11 euskaltzalerekin batera, «urte beltz luzeetan ere» euskararen eta euskal kulturaren alde egin zuten lana goraipatuz.