16 JUL. 2024 Guztiz elektrikoa den tren turistikoa Gasteizko kaleak zeharkatzen hasi da Guztiz elektrikoa den tren turistikoa martxan dago Gasteizen. Hiriko hainbat puntutatik igarotzen den ibilbidea, besteak beste Senda Ibilbidea, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu eta bertan bukatzen da, eta doakoa da 12 urte arteko haurrentzat. Martxan jarri dute tren turistikoa Gasteizen. (Gasteizko Udala/Europa Press) GAUR8 Gasteizek %100 elektrikoa den tren turistikoa astearte honetan hasi da hiriko kaleak zeharkatzen. 0-12 urte bitarteko haurrentzako sarrera doakoa da. «Neurri honen bidez, gure hiriaren ‘green izaera’ sustatuko dugu, 2030erako karbono neutraltasuna lortzeko Garapen Jasangarriaren Helburuek ezarritakoaren arabera. Beste berritasun bat da tren turistikoak bere ibilbidea aldatuko duela hiriko pasealekurik ederrenetako bat erakusteko: Senda ibilbidea», azaldu dute. Trena Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu eta Hedegile kalea, Harategi kantoia, Frai Zacarias Martinez kalea, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kalea, Eskola kalea, Santa Maria plaza, Pulmonien kantoia, Buruileria plaza, Errementeri kalea, Andre Maria Zuriaren plaza, Mateo Moraza, Olagibel, Foru kalea, Alaba Jenerala, Becerro de Bengoa, Cadena y Eleta, Micaela Portilla, Elvira Zulueta, Frai Francisco Vitoria, Elvira Zulueta, Gaztelako Atea, Luis Heinz, Magdalena eta Prado zeharkatuko ditu, ibilbidea Andre Maria Zuriaren plazan bukatuz. Zerbitzua urriaren 1era arte egongo da martxan, eta doakoak diren 12 urte arteko haurren bidaiei dagokienez zehaztu dute pertsona heldu batek lagunduta joan beharko dutela eta heldu hori, gehienez ere, bi txikirekin igo ahal izango dela. 12 urtetik gorakoentzako bidaiarien txartelaren prezioa 5 eurokoa da. Tren turistikoa 10.30, 11.30, 12.30, 13.30, 16.30, 17.30, 18.30 eta 19.30ean irtengo da egunero, urriaren 1era arte, eta abuztuaren 4ko arratsaldean atseden hartuko du. Ibilbidea aldatu egingo da bide publikoan obrak egin behar badira edo ekitaldiren bat antolatu bada.