GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatzen duen VII. Zinebi Networking-a irailaren 8ra arte egongo da irekita

Zinebi Networking Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren zazpigarren edizioa abiarazi du Zinebik. Edizio berriak 15.000 euroko bi dirulaguntza eskainiko ditu, eta irailaren 8ra arte jasoko ditu proposamenak.

Zinebiren inaugurazio ekitaldiaren une bat, irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak irailaren 8ra arte ireki du Zinebi Networking Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren zazpigarren edizioan film luze dokumentalen proiektuak aurkezteko epea. Foroak 15.000 euroko bi dirulaguntza emango ditu euskal ekoizpen etxe batek edo Estatuko beste lurralde batzuek babestutako proiektu onenari.

Ekimenak Europako Batasunaren laguntza eta finantziazioa du, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, EITB Mediaren, Zineuskadiren eta Europa Creativa Desk Media Euskadiren bitartez.

Zinebik, Bilboko Udalak antolatuta, Zinema Dokumentalaren Bilboko VII. Foro Profesionalaren deialdia ireki du, zinema dokumentalaren esparruan ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzeko helburuarekin, eta ekimena Zinemaldiaren 66. edizioan egingo da, azaroaren 11tik 15era bitartean.

Parte hartu nahi duten film luze dokumentalak aurkezteko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik, eta izen-emateak Zinebiren webgunean egingo dira.

Lanek garapen aurreratuan edo ekoizpenean egon behar dute, eta Zinebiren zuzendaritzak, profesionalek eta adituek osatutako hautaketa batzorde batekin batera, Foroan parte hartuko duten proiektuak hautatuko ditu.

Horretarako, hainbat alderdi baloratuko dira, hala nola ideia, proposamen estetikoa, ekoizpen-planaren bideragarritasuna eta obra bakoitzaren banaketa-aukerak.

Tutoretza pertsonalizatuko saioak

Hautatutako proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartuko dute, jendaurrean aurkeztu aurretik. Sektoreko profesional batek eskainiko du, pitching saio batean, epaimahaiko kide izango diren profesionalen aurrean. Ondoren, aholkularitzako bilera pertsonalak egingo dira ekoizleen eta partehartzaileen artean.

Aurten, emandako dirulaguntzen balioa handituko du Foroak, 15.000 eurokoa izango baita. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) proiektu onenaren Zinebi Networking saria (EITBren babesa du) eta Estatuko gainerako lurraldeetatik aurkeztutako proiektu onenaren saria dira.

Jaialdiak bere konpromisoari eusten diola nabarmendu dute: proiektu dokumental, sortzaile eta independenteak garatzen lagunduko du; sormenerako, hausnarketarako, aholkularitzarako eta zinemagileei bultzada emateko guneak eraikiko ditu; eta sortzaile, ekoizle, erakunde eta sektoreko gainerako eragileen arteko topaguneak bultzatuko ditu, betiere belaunaldi berrien nazioarteko proiekzioa eta ekoizpen zinematografikoa babesten badute.