GAUR8 - mila leiho zabalik

Kexaa Aiaraldeko garapen ekonomikorako baliabide gisa sustatzeko ideia lehiaketa antolatu du Arabako Aldundiak

Kexaako Monumentu Multzoa Aiaraldeko garapen ekonomikorako baliabide gisa sustatzeko ideia lehiaketa jarri du abian Arabako Foru Aldundiak. Irailaren 30era arte jasoko ditu proposamenak eta urteko azken hirulhilekorako erabakita egotea aurreikusten dute.

Kexaako Monumentu Multzoa, Aiaran. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiak Kexaako Monumentu Multzoa Aiaraldean garapen ekonomikorako baliabide gisa sustatzeko ideia lehiaketa bat antolatu du. Lehiaketaren oinarriak uztailaren 17an argitaratu ziren, kontratatzailearen profilean eta iragarki batean Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean. Pertsona fisiko edo juridiko interesdunek Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailak proposatutakoari erantzuteko bete beharko dituzten baldintzak eta ezaugarriak jasoko dituzte.

Lehiaketaren helburua Kexaako Monumentu Multzoaren kudeaketa pribatua, publikoa edo publiko-pribatua egiteko proposamenak jasotzea da, eta «Arabako ondarearen harribitxia den espazio horri balioa emateko proposamenik onena hautatzea, egokitasunagatik, bideragarritasun tekniko eta ekonomiko eta finantzarioagatik eta potentzialagatik», adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak.

«Zaindu eta babestuko dugun kultura eta ondare ondasunari eskualdeko garapen ekonomikoa sustatu eta bultzatuko duen alderdi estrategikoa gehituko zaio, XXI. mendeko ikuspegiarekin», gaineratu du.

Ideia lehiaketara aurkezten diren proposamenek kontuan hartu beharko dituzte Kultura Interes Kalifikatuko Ondasun izaeraren ondoriozko Monumentu Multzoaren baldintzatzaileak, Aiararen garapen ekonomiko eta sozialerako inpaktua eta lurraldearen irudia eta sustapena.

Bi sari

Lehiaketak bi sari banatuko ditu ondoen baloratutako bi proposamenentzat: lehen sarira 20.000 euro bideratuko dira, eta 10.000 euro bigarrenera. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Une horretatik aurrera, jasotako proposamenak aztertuko ditu foru erakundeko Finantza eta Aurrekontu zuzendariak eta Ogasun Saileko idazkari teknikoak, aldundiko hainbat sailetako bost teknikarik eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kide batek osatutako epaimahaiak.

Proposamenen balorazioan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: sendotasuna eta garapen maila, Aiarako Kuadrillaren eta bere udalerrien garapen ekonomiko eta sozialerako inpaktua eta Arabaren irudirako inpaktua.

Halaber, planteatutako ideiak puntuatzeko orduan kontuan hartuko dira espazioa birgaitzeko edo zaharberritzeko arkitektura, eraikuntza eta hirigintza ikuspegitik aztertutako bideragarritasun teknikoa, legala eta kostu bideragarritasuna, bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa, eta aurkeztutako proposamena monumentu multzoaren balio historiko, artistiko, kultural eta ingurumenekoekin ulertu, integratu eta koherentea izatea ere. Lehiaketa urteko azken hiruhilekorako erabakita egotea aurreikusten da.

«Uste dugu profesionalentzat eta enpresentzat oso aukera interesgarria dela espazio hau lurraldeko erreferente gisa kokatuko duten proiektuak eta ekimenak proposatzeko», nabarmendu du Ramiro Gonzalezek.

Aldundiaren jabetza, 2022tik

Arabako Foru Aldundiak 2022ko abenduan erosi zituen Kexaako Monumentu Multzoko higiezinak, ordura arte Donostiako Santo Domingo Monasterioko Ama Domingotarren Kongregazioarena zirenak. Zehazki, Adatseko Andre Mariaren Kapera dorrea, apaizetxea eta beste eraikin batzuk eskuratu zituen.

Foru erakundeak Kexaako multzo osoa erosteko duen interesa azken 20 urteetan Arabako ondarearen kultura ondasun hori babesteko eta berreskuratzeko izandako ahaleginaren ondorioa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Monumentu Multzo izendatu zuten 2002an, eta EAEko Kultura Ondareko Kultura Ondasun Kalifikatuen zerrendan sartu zen. Bere balio historiko eta artistikoagatik, multzoa hobekien kontserbatutako ondare zibilaren adibideetako bat da.