25 JUL. 2024 Gaur X urte Gaur bi urte hil zen Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ bertsolaria ‘Mañukorta’ izengoitiaz ezaguna zen Gregorio Larrañaga bertsolaria 2022ko uztailaren 25ean zendu zen, duela bi urte, 78 urte zituela. Markina-Xemeinen jaioa, bertsolaritza molde baten ordezkari izan zen eta bere bertsokera bereziagatik eta zuen umoreagatik izan zen ezaguna. Mañukorta bertsolaria, 2015ean. (Raul BOGAJO | FOKU) GAUR8 Gaur bi urte hil zen, 78 urterekin, Gregorio Larrañaga bertsolaria, ‘Mañukorta’ bezala ezaguna zena. Bere bertsokera bereziagatik eta zuen umoreagatik zen ezaguna bertsolaritzaren munduan eta 80ko hamarkadan eta 90ekoaren zati batean urtean saio gehien egin zituen bertsolaria izan zen. 1943an jaio zen Markina-Xemeingo Larruskain auzoan, Mañukorta baserrian. Nekazari bezala eta fabrika batean lan egin eta soldadutza bukatu ondoren, Estatu Batuetara joan zen 1967an, 24 urte zituela, eta han egon zen sei urtez bizitzen. Jendaurrean abestu zuen lehenengo aldia 1960an izan zen, Markinan bertan. Hala ere, ez zen 1980ko hamarkadara arte ezaguna egin bertsolaritzaren munduan. 1989ko Txapelketa nagusian finalaren atarian geratu zen Mañukorta. Xabier Amurizak 2014an argitaratutako ‘Mañukorta bertsonajea’ liburuan aipatzen denez, urte batean 200 saio egin zituen bertsolariak. «Urte batean 200 egin nituen –zioen Mañukortak–, baina gogorik gabe kantatzera iritsi nintzen, lanean ere ez nintzen portatu eta horrela ezin nuela jarraitu erabaki nuen. Karga gehiegi da hori. Gero urteak eman nituen 150 saiorekin eta hori ere gehiegi da. Ondo eta gustura ibiltzeko nahikoa dira 60 bat saio. Lopategik 89an irabazi zuen txapela eta garai horretan ibili nintzen asko. Pare bat ordu kotxean lo egin eta lanera joaten nintzen askotan eta hori gogorra da. Nire loteriarik handiena 57 urterekin erretiroa hartzeko zoria izatea izan zen, Cikautxon 35 urte egin eta gero», jasotzen du liburuak.