05 AGO. 2024 Hiritartasun aktiboaren aldeko esperientziak eta hausnarketa, EHUren Uda Ikastaroetan Hiritartasun aktiboaren inguruko hausnarketa saioa egingo dute EHUko Uda Ikastaroen barruan abuztuaren 29an, Donostian, Miramar Jauregian. Sare baten sorrera ere izango dute mintzagai. EHUko Uda Ikastaroen barruan, hiritratasun aktiboa aztertuko du saio batek abuztuaren 29an. (UPV/EHU) GAUR8 Hiritartasun aktiboa bultzatzea ardatz hartuta, esperientziak partekatu eta hausnarketa egitera deitzen duen ikastaroa antolatu dute ZarautzOn elkarteak, Beasaingo Lemniskatak eta Ondarroako Zientzien Giltzak elkarteak elkarlanean. Abuztuaren 29an izango da hausnarketa saioa, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Uda Ikastaroen programaren barruan. Publiko orokorrari zuzendutako ikastaroak Hanna Arendtek hiritartasun aktiboaren eraikuntzari buruz egindako gogoeta izango du abiapuntu: «Isolatutako gizonek (pertsonek) ez dute definizioz inolako botererik... Boterea gizonen (pertsonen) artean sortzen da elkarrekin jarduten dutenean eta sakabanatzen direnean desagertzen da... Gizakiak (pertsonak) hain elkartuta bizi direnean, non ekintzaren potentzialtasunak beti presente dauden, botereak bertan iraun dezake». Era berean, Edgar Morinen hiritar informatu eta arduratsuaren kontzeptua aipatu dute, eta aurreratu dute Moises Naim, Martin Wolf eta Eric Klinenbergen lanak erabiliko dituztela hausnarketan. Esperientziak zabaldu Gaur egun EAEn martxan dauden «esperientziak zabaldu eta antzeko erakundeen sare bat sortzeko/egituratzeko aukerak ezagutu eta baloratzeko» saioa izango da ikastaroa. Azaldu dutenez, zientzia eta ezagutzaren dibulgazioa dira hiru elkarte antolatzaileek erabiltzen dituzten tresnak, eta haien esperientziek hiritar aktiboak sustatzeko duten balioa, bakoitzaren ibilbidearen azterketa eta «ikaskuntza hoberenak jaso eta akatsak saihesteko» saioa izango da. Hizlarien artean Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna dago, esparru ezberdinetako partaideen ondoan. Zehaztutakoaren arabera, ‘TopaGune’ motatako ikastaroa izango da, eta sei taldetan garatuko da, dinamizatzaile baten laguntzarekin. Miramar jauregian izango da, 9.00etan hasita eta 14.00ak arte. Parte hartzeko, izena eman behar da EHUko Uda Ikastaroen webgunean.