06 AGO. 2024 Turismo jarduera jasangarriak bultzatzeko plana, Sakanan, Plazaolan eta Ultzaman Turismo jasangarriarekin lotutako jarduerak bultzatzeko plana jarri dute abian Sakanan, Plazaolan eta Ultzaman. Sakanan bizikletaz egiteko bidea eta Leitzako geltoki zaharraren egokitzapena daude egitasmoen artean. Leitzako geltoki zaharra prestatzeko proiektua da iragarritako esku hartzeetako bat. (Nafarroako Gobernua) GAUR8 Sakanako, Plazaolako eta Ultzamako eremuek Jasangarritasun Turistikoko Plan bat garatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Sailarekin. Europako bost milioi euroko funtsekin finantzatuko da, eta zikloturismoa eta jasangarritasuna bultzatuko ditu, aurreratutakoaren arabera. Rebeca Esnaola sailburuaren esanetan, hitzarmenari esker natura «ondare» horren inguruan «industria turistikoa garatu ahal izango da, errespetuz, planifikatuta, lurraldearekin eta bertako jendearekin koherentea, erresilientea eta iraunkorra izanik». Plan horren barruan, ‘Sakanako Bizikleta-bidea’ proiektua dago, besteak beste Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Iturmendi lotuko dituena. 14,87 kilometro izango ditu. Leitzako geltoki zaharra egokitzea da beste proiektuetako bat. «Geltokian, zikloturistentzako zerbitzugunea eta aterpetxe turistiko bat jarriko dira. Gainera, biltegiaren eraikinean, bizikletak konpontzeko eta garbitzeko tailerra, ordezko piezak saltzeko gunea eta bizikletak alokatzeko eta aparkatzeko gunea egongo dira. Horrez gain, mugikortasun iraunkorrari eta beste aukera turistiko batzuei buruzko informazio gunea jarriko da», aurreratutakoaren arabera. Azken bi horiek ez dira aurreikusitako bakarrak. Izan ere, planaren barruan uholdeak prebenitzeko esku hartzeak, energia eraginkortasuna hobetzeari begirakoak, txirrindularientzako zerbitzuguneen sare bat prestatzea edota bidezidor naturalak egokitzea aurreikusten da. Era berean, bisitariak helmugan monitorizatzeko digitalizazioa eta Marketing Digitaleko Plan bat eta Helmugako Irisgarritasun Plana biltzen ditu egitasmoak. Planerako bost milioi euroko aurrekontua jarri da Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko Next Generation funts europarretatik. Gainera, ACD Donejakue Bideari dagozkion MRR funtsekin egindako inbertsioak gehitu behar zaizkie.