18 AGO. 2024 Gaur X urte Gaurko egunez amaitu zen Woodstock jaialdi famatua, duela 55 urte 1969ko abuztuaren 18an amaitu zen Woodstock jaialdia, ezaguna historiako gertakaririk handienetakoa eta musikaren historiako momenturik nagusiena izateagatik. Woodstockek lau haizeetara zabaldu zuen makrofestibalen fenomeno kultural eta soziala. 500.000 pertsona inguru bildu ziren 1969an Woodstock jaialdian. (James M. SHELLEY | WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 1969ko abuztuan, Woodstock Music & Art jaialdia ospatu zen Bethel herriko landetxe batean, New York estatuan. Milioi erdi pertsona baino gehiago joan ziren 240 hektareako lursail batera garai hartako talde nagusiren zein hasiberriren 32 kontzertu entzutera, abuztuaren 15etik 18ra. Jefferson Airplane, Jimi Hendrix, Grateful Dead, Janis Joplin eta Crosby, Stills, Nash & Young izan ziren Woodstocken jo zuten artista eta taldeetako batzuk. Woodstocken unerik gailenetako bat da Jimi Hendrixek Estatu Batuetako ereserkia gitarra elektrikoarekin disekzionatu zuenean, gerraren aurkako keinu batean. Bertan, ez omen zuen jende gehiegirik ikusi, 50.000 lagun baino ez zeuden hiru egunetako jaialdi-amaierako emanaldian, astelehen goizean, euriak igandeko amaiera «ofiziala» atzeratu ostean. Jaialdia hondamendi ekonomikoa izan zen. Antolatzaileek ez zuten 50.000 zale baino gehiago espero eta, azkenean, milioi erdi inguru aurkeztu ziren. Gehienek barrutia inguratzen zuten hesiak eraitsi eta arazorik gabe sartu ziren. 15.000 zale baino gehiagori itzuli behar izan zitzaien dirua, ezin izan baitziren esparrura iritsi, barrutiaren inguruan sortutako auto-ilara ikaragarriagatik. Galerak hainbat disko editatuz eta inpaktu handiko film batekin konpentsatu ziren.