26 AGO. 2024 ‘Gosea eta krudelkeria. Gerra Aro Modernoan’, Nafarroako Museoaren Kultura Modernoko bigarren ikastaroa Irailaren 10etik 12ra, ‘Gosea eta krudelkeria. Gerra Aro Modernoan’ izeneko ikastaroa eskainiko dute Nafarroako Museoan. Gerra eta literatura, araudi juridikoak edota egungo inplikazioak bezalako gaiak jorratzeko. Armaduren ekoizpen nafarra izango da aztertuko den gaietako bat. (Nafarroako Gobernua) GAUR8 Nafarroako Museoa izango da irailaren 10etik 12ra ospatuko den Kultura Modernoko bigarren ikastaroaren egoitza. ‘Gosea eta krudelkeria. Gerra Aro Modernoan’ du izenburu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jose Francisco Alenza Garcia katedradunak zuzenduko du. Inprentaren asmakuntza eta Frantziako Iraultzaren artean luzatzen den Aro Modernoaren kultura ikusaraztea eta hurbiltzea da ikastaroaren helburu nagusia. Premisa bat du ikastaroak: arte eta ondare kultural guztia garaikidea da, iraganeko adierazpen kulturalek egungo arazoei buruzko gogoetak ilustratzen eta aberasten baitituzte. Diziplina anitzeko ikuspegia hartuko du, Aro Modernoan gerra artearen, literaturaren eta musikaren bidez nola hautematen eta sentitzen zen ikusteko, eta gainera, filosofian eta zuzenbidean nola baloratzen zen ikusteko. Hiru egunetan eskainiko dute ikastaroa. Lehen saioan, gerrak literaturan izan duen islaz hitz egingo du Lorenzo Silva idazleak, Aro Modernoari arreta berezia eskainiz. Pablo Antonio Fernandez Sanchez Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedradunak gidatuko du bigarren jardunaldia, Aro Modernoko gerra araudi juridikoa eta egungo inplikazioak azaltzeko. Armaduren ekoizpen nafarra Azken jardunaldia Alvaro Soles del Campo Madrilgo Errege Jauregiko Errege Armagintzako adituak eskainiko du, Aro Modernoko armaduren ekoizpen nafarraren inguruan. Kuarist laukote nafarrak itxiko du ikastaroa kontzertu-hitzaldi batekin. Matrikula egiteko epea asteartean zabalduko da (abuztuak 27) eta irailaren 9an itxiko da. Saio guztiak 18.00etan hasiko dira, eta amaitzean, eztabaidarako eta galderak egiteko txanda irekiko da hizlarien eta bertaratutako entzuleen artean.