GAUR8 - mila leiho zabalik

Zazpi bisita gidatu antolatu dituzte irailerako Iruñean, hiriaren historia ezagutarazteko

Zazpi bisita gidatuko programa jarri dute abian Iruñean irailerako, mila urteko hiriaren historia ezagutarazteko. Alde zaharra, katedrala edota harresia dira ibilbide historikoaren ardatz nagusiak.

Iruñeko Alde Zaharreko kaleak, artxiboko irudian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Alde Zaharra, Nafarroako Museoa, Iruñeko Katedrala edo harresia milaka urteko historiaz harro dagoen hiri baten elementu bereziak dira. Bere sekretuak ezagutu nahi dituztenek Civivox sareak irailerako proposatzen dituen bisita gidatuekin egin ahal izango dute.

Lehenengo bi bisitak, irailaren 3an eta 5ean, euskaraz gidatuko dira. Asteartean, hilaren 3an, 11.00etatik aurrera eta Udaletxe plazatik abiatuta. Iruñearen jatorriari buruz hitz egingo da, baskoi herritik hasi eta Erdi Aroko burgoen jaiotzara arte. Alde Zaharreko kaleetan barrena egingo da, eta hirigintzan eta hiriko erakunde sozialetan eta ekonomikoetan sakonduko du.

Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, ostegunean, hilak 5, bisita toki beretik abiatuko da, baina 17.00etan izango da. Jauregiz jauregi ibiliko da bisita, etxe nagusiak (jauregiak), hirigintza-berrikuntza eta ura XVIII. mendean hirira nola iritsi zen ikusteko.

Hurrengo bi proposamenen abiapuntua Iruñeko Katedralaren ingurua izango da. Irailaren 10ean (asteartea) Iruñearen historiaren hogei mende baino gehiago izango dira hizpide, Iruñetik Pompaeloko kanpamentuaren finkapenera, Erdi Aroko hiru burgoetaraino izandako bilakaera eta Iruñeko Erresumaren jatorria ezagutzeko.

Hilaren 12an, ostegunarekin, Iruñeko Katedrala bera izango da helmuga. Katedralaren arkitekturaren eta ondare artistiko aberatsaren bidez sekretu asko aurkituko dira, eta bertatik bertara ezagutuko dira haren eraikuntza eta bilakaera mendeetan zehar.

Museoaren bidez

Nafarroako Museoa izango da irailaren 17an (asteartea) 11.00etan, bisitatuko den gunea. Bisita horretan, Nafarroako historia aztertuko da museoko aretoetan zehar, garai bakoitzari buruzko artelanak eta bitxikeriak bisitatuz. Erromanizaziotik hasi eta XX. mendean amaituko da.

Bi egun geroago, irailaren 19an (osteguna), Iruñeko harresien txanda izango da. 17.00etatik aurrera, Labriteko Baluartetik abiatuta, hiriko esparru gotortuan barrena ibiliko dira parte hartzaileak. Harresiak XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, Errenazimentuan bertan, eta 5 kilometro inguru kontserbatzen dira.

Azken bisita irailaren 26an izango da (osteguna) eta modernismoak hirian utzi duen arrastoa izango du ardatz. 17.00etatik aurrera, eta Udaletxe plazatik abiatuta, eraikin aipagarriak ezagutuko dira Alde Zaharrean eta Lehen Zabalgunean.

Izan ere, XIX. mendeak burgesia hasiberria ekarri zuen Iruñera, eta horrekin batera, hiriaren berrikuntza bat, modernismoaren hedapen betean zegoen Lehen Zabalgune horren sorrerarekin.