03 SET. 2024 Gau Beltzaren inguruko formazio saioa egingo du Euskaltzaleen Topaguneak Zer da Gau Beltza? Zein da haren jatorria? Nola ospatzen da? Gau Beltza herriz herri berreskuratzen eta berrasmatzen ari den honetan, Euskaltzaleen Topaguneak horren inguruko doako online formazio saioa egingo du irailaren 25ean. Saioa edonori irekia dago. Arimen Gaua Itsasun, 2023. urtean. (Guillaume FAUVEAU | FOKU) GAUR8 Udazkenetik negura eguna ilundu ahala, urreratzen ari da Gau Beltza. Bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko asmoz, hainbat herritan kalabazak hustu eta kandelak pizten hasi dira. Gau Beltza edo Arimen Gaua urriaren 31ren bueltan ospatzen da Euskal Herrian. Erritua azken urteetan apalduta egon bada ere, ohitura zaharrak berreskuratu eta jaia berrasmatzen ari dira herriz herri. Azken urteotan areagotzen ari da bertako ohiturak berpizteko interesa. Bide horretan, Euskaltzaleen Topaguneak ikastaro bat antolatu du Gau Beltzaren inguruan.Bertan zenbait galdera erantzuten saiatuko dira: zer da Gau Beltza? Zein da haren jatorria? Nola ospatzen da? Horren inguruko ezagutzan sakontzeko peskizan, Euskaltzaleen Topaguneak doako online formazio saioa egingo du irailaren 25ean. Saioa arratsaldeko 18:30ean izango da eta edonori irekia dago. Formazioa Josu Ozaita antropologoak eta Mitxel Elortza irakasle eta idazleak emango dute. Ozaitak Gau Beltzaren jatorriaz hitz egingo du eta Elortzak, berriz, ospakizunaren inguruko balioez jardungo du.Izen ematea honako estekan egin daiteke: Izen ematea.Bideo motzak Honakoa ez da 2024ko Gau Beltza sustatzeko Euskaltzaleen Topaguneak egingo duen ekimen bakarra. Ospakizunaren inguruko zortzi bideo motz sortu berri ditu, errituak bere baitan biltzen dituen ezaugarri ezberdinak eta ospatzeko moduak ezagutzera emateko. Bideo hauek elkartearen Youtubeko kanalean daude ikusgai eta aurki jarriko dira webgunean erabiltzaileek deskargatu ahal izateko.