04 SET. 2024 ‘8 mila bihotzez’ erronka Laudion, sortzetiko kardiopatiak dituzten haur eta gazteei elkartasuna adierazteko Sortzetiko kardiopatiak dituzten haur eta gazteei elkartasuna adierazi eta Bihotzez elkartearen aldeko dirua biltzeko erronka egingo dute Laudion, 20an eta 21ean. Goikoganera egindako igoeretan pilatuko dituzte 8.000 metroko desnibela, eta programazio zabal bat prestatu dute erronka girotzeko. Erronka aurkezteko agerraldia Laudion. (Laudioko Udala | EUROPA PRESS) GAUR8 Laudion kirol ekitaldi solidarioa egingo dute irailaren 20an eta 21ean, ‘8 mila bihotzez’ ekimenaren bidez. Orkatzak Mendi Taldeak eta Bihotzez elkarteak antolatu dute, Udalarekin lankidetzan, Bihotzez Sortzetiko Kardiopatien Elkartearen aldeko dirua biltzeko. Udalak ohar batean azaldu duenez, kirol probak «agerian utzi nahi du kardiopatiak dituzten pertsonak dena egiteko gai direla». Erronka irailaren 20an hasiko da, 21.00etan, eta hurrengo eguneko 14.00ak arte iraungo du. Joseba Amondo laudioarrak bere gain hartuko du Goikoganera 14 igoera egiteko erronka, 8.000 metroko desnibel metatua lortzeko. Aiaraldeko hamabost bat klub eta elkartek igoeraren bat babestu dute: Areta Trail, Laudio Atletismo, Haitzetan Gora Mendi Kluba eta Altzarrate, besteak beste. Gainera, azken igoera Ezina Ekinez Egina elkarteak egingo du, Abel Fernández Mendibilen eskutik. Izan ere, Spidermanez jantzita, 11 urteko Unai haurra igoko du, «lehen aldiz gailur bat ikusteko aukera emanez». Proban bakarka parte hartzeko aukera dago, bai eta lankidetzan aritu eta elkartasuna adierazteko ere, antolatutako jardueretan parte hartuz edo bihotzeko afekzio horretarako diseinatutako kamiseta solidarioa jantziz. Ildo horretan, Udalak jakinarazi du kamisetak udaletxeko sarreran erosi ahal izango direla irailaren lehen bi asteetako astearte eta ostegunetan, eta egunero 16.00etatik 20.00etara, 8 euroan, Udalaren ohiko ordutegian. Programazio zabala erronka girotzeko Erronka hilaren 21ean amaituko da Aldai plazan, eta bertan hainbat ekintza egingo dira 10.00etatik 20.30ak arte. Jardunaldiari hasiera emateko, Sugarrak, SC Llodiana eta Arrizkuzubi klubek nekazaritza azoka, haurrentzako tailerrak eta kirola egingo dituzte. Eguerdian, eta herri bazkariaren aurretik, 14.00ak aldera, harrera egingo zaie azken igoerako parte hartzaileei eta arratsaldean bingo solidarioa, Izaskun del Cerrok eskainiko duen ‘Zumbatron’ eta Iratzar erromeria egongo dira. Jarduera horiekin batera, Alberto Vallesek, ‘Il Diavolo’-k, pedalei eragingo die etengabe, bihotzeko kardiopatien aldelo ‘crowfounding’ baten barruan. Bihotzez sortzetiko kardiopatien elkartera bideratuko da diru-bilketa.